Coworkinga sortu dute Utzuganen

Guaixe 2022ko api. 6a, 09:02

Utzuganeko telelanerako gunea. SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Urrutiko lanean ari diren profesionalei zuzenduta, beraien jarduera etxetik kanpo garatzeko aukera emanen die gune partekatuak. Bost pertsonarendako espazioa da. Eskaerak egiteko www.utzugane.eus webgunera jo behar da.

Informatikaren eta Internet sarearen hedapen sendoaren ondorioz, lan egiteko modua aldatu da, eta jende askok etxean telelana egiten du. Etxetik lan egin eta beste toki batetik telelanean aritu nahi luketen sakandarrek dagoeneko badute beste aukera bat: Utzuganeko telelan partekaturako gune berrian. Arbizuko Utzubar industrialdean dago Utzugane, Sakanako garapen zentroa. Cederna-Garalur, Sakanako Garapen Agentzia eta Sakanako Enpresarien Elkartearen egoitzak hartzeaz aparte coworking edo telelan partekaturako espazioa hartzen du. Utzuganekoa partekatutako oinarrizko lan-espazioa eta erabiltzaileek kudeatutako gunea da. Telelana etxebizitzatik kanpo egiteko eta lana eta bizitza orekatzen laguntzeko espazioa. Erabilera ordutegi malgua du. Gainera, erabiltzaileek bilera gela bat dute eskuragarri.

Sakanako Garapen Agentziak, udalekin batera, telelanaren behar berriari erantzuna emateko Dinabide Coworkinga mustu zuen 2019an, teknologiarekin ari diren ekintzaileei zuzenduta dagoena. Irurtzungo Inasa lantegiaren bulego eraikineko espazioa enpresak sortu, sendotu eta hazteko lankidetzarako da. Bertan, coworking espazio bat, bilera gela bat eta lan egiteko hainbat bulego daude, erreprografia, internet, prestakuntza eta mintegietarako gelak eta prototipoak garatzeko tailer baten zerbitzuekin. Haren berri eskaintzen du Dinabideren webguneak.