Arbizuarren iritzia jaso dirulaguntza eskatu aurretik

Guaixe 2022ko api. 21a, 10:29

Arbizuko ikuspegia Akerruntzatik. ARTXIBOA

Arbizuko Udalak hiru urterako inbertsio proposamenak zabaldu ditu ekarpenak jasotzeko.

Nafarroako Gobernuak Tokiko Azpiegitura Planaren (TAP) bitartez herrietan dauden azpiegiturak berritu, mantendu edo hobetzeko diru laguntzak ematen ditu. Hurrengo TAP 2023-2025 urteetan lanak egiteko da. Udalek laguntza deialdi horretara lanak egiteko proposamenak aurkezten dituzte eta foru gobernuko teknikariek erabakitzen dute zein lan finantzatu eta zein ez. Deialdia kontuan izanik, Arbizuko Udalak hiru lan proposamen aurkeztuko ditu deialdira: Fernando Urkia kalearen zati batean (Beginazpitik Joxen izkinara arte) saneamendu sarea eta zorua berritu, eta parke pareko zatiaren zorua konpondu; kiroldegiko klimatizazio sistema aldatu eta berritu eta udaletxeko bulego eta artxibategiko solairua birmoldatu, espazioa berrantolatu eta tokia hobe aprobetxatzeko.

Udalak hiru proposamenak eta legearen oinarrizko baldintzak etxez etxe banatu ditu, arbizuarrek ekarpenak egin, iritzia eman eta beste proposamenen bat badute hala egin dezaten. Horretarako hilaren 20ra arte dute, eta horiek udaletxeko postontzian sartu beharko dituzte. 

Bestetik, Arbizuko Udalak jakinarazi du eskola zaharra kultur gune bihurtzeko dirulaguntza eskatu duela. Baita dermioko bideak konpontzeko ere. Laguntza mota horiek TAP ez diren beste deialdi batzuen bidez banatzen ditu Nafarroako Gobernuak. Azkenik, Arbizuko Udalak jakinarazi du plazan estalpea egiteko dirulaguntza onartu diotela.