Eskola mustutzeko eguna iritsi da

Guaixe 2022ko mai. 13a, 14:53
Nerea Caballe Aiestaran eta Miren Inda Jorajuria Arbizuko eskolan.

Arbizuko eskola publiko berria larunbatean mustuko dute. Ikastetxean bertan 11:00etan ekitaldia eginen dute. Ondoren, egun guztirako prestatutako egitaraua plazan eta herri guztiari zabalik izanen da.

Beriain kaleko 20. zenbakian dago Arbizuko eskola berria. Aurreneko ikasleak 2019ko irailaren 9an hartu zituen, baina Arbizuko eskola komunitateak orain arte ez du eraikina mustutzeko aukerarik izan. Miren Inda Jorajuria eskolako idazkariak azaldu duenez, "2019an eskolaren herena ikasle betetzen hasi ginen. Eskolaren zati batean ikasleak zeuden eta bestean langileak. Hilabeteak aurrera joan ahala pitteka-pitteka eskola ikaslez betetzen joan zen. Orduan ezin izan zen mustu eta ondoren pandemia etorri zelako". Indak gogorarazi du pandemiak joan den ikasturtean neurri zorrotzak ekarri zituen eta "orain iritsi da eskola mustutzeko momentua, elkarri aurpegiak ikusteko momentua". 

Mustutze ekitaldia antolatzeko ardura Arbizuko eskola publikoko guraso elkartearena izan da. Nerea Caballe Aiestaran da kideetako bat. "Orain ospakizunak antolatzea posible denez, guraso elkartean animatu ginen", esan du. Larunbatean, mustutze ekitaldira gerturatutako jende guztiari harrera eginen diete dantzari eta txistulariek eskolan bertan. Ondoren, Caballek azaldu duenez, "eskola berriaren sortze prozesuan eragina izan duten gurasoek eta jende guztiak hitza hartuko dute". Horien artean daude zuzendaria, ikasleak, gurasoak eta udal eta gobernuko ordezkariak. 

Eskolaren mustutze egitarauak Arbizuko plazan izanen du segida. "Plazan egitea erabaki dugu eskolaren mustutze ospakizuna, herri guztiari parte hartzeko gonbidapen zabala egiteko. Zenbat eta jende gehiago etorri, orduan eta giro handiagoa izanen da", azaldu du Caballek. Eskola komunitatea osatzen duten 200 bat pertsonak eman dute izena bazkarirako. Bestalde, argi orduak luzatzen ari direnez, 21:30era arte luzatuko dute ospakizuna. 

Eskolaz
Arbizuko ikastetxe publikoak 3 eta 12 urte arteko 118 ikasle ditu gaur egun. Eskola hiru komunitatetan antolatuta dago: txikien komunitatea, ertainena eta handiena. Indak azaldu duenez, "pandemiagatik desberdin jokatu behar izan dugu. Alde batetik, txikien komunitatea dago. Eta Lehen Hezkuntzan 6 eta 12 urte bitarte blokeka egin dugu lan ikasturte honetan: 1. eta 2. mailen blokea, 3. eta 4. mailen blokea eta 5. eta 6. mailena". Ikastetxe zaharretik berrirako jauzia handia izan zen. "Prozesuan lan pila egon da denon aldetik. Emaitzak oso onak izan dira eta oso pozik gaude. Poztasun hori dugu gurasoek, zuzendaritzak eta udalak", azaldu du guraso elkarteko kideak.  

Eskolan matrikulak gora egin zuen eta karrika Nagusiko eraikinak ez zuen Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoko ikasleria hartzeko gaitasunik. Horregatik, Lehen Hezkuntzako 4. maila bukatu ondoren ikasleak Etxarri Aranazko eskolara joan behar zuten. Eraikin berriak bi hezkuntza zikloak hartzeko gaitasuna du. 4.000 m2-ko azalera ditu. Hura eraikitzeko hiru milioi euro inguru bideratu zituen Hezkuntza Departamentuak. Irakasleek, gurasoek eta udalak ikastetxearen diseinuan parte hartu zuten. eta Eskolaren pedagogia proiektua ere aldi berean landu zuten. . Eskola berriak apenas du energia kontsumorik eta guneen banaketagatik eta ekipamenduengatik hezkuntza metodologia berriak ezartzeko aukera ematen du.

Egitaraua 

  • 11:00 Harrera eta mustutzea, eskolan.
  • 11:45 Aizkolari txikien erakustaldia, plazan.
  • 12:00-14:00 Puzgarriak eta aatea, trikitilariek girotuta, plazan.
  • 14:00 Bazkaria, plazan.
  • 16:00-18:00 Puzgarria, plazan.
  • 18:30 Dantzaldia Xaibor dj-ekin, plazan.
Erlazionatuak