Sakanako euskaltzaleak bihar, maiatzaren 18, asteazkena, 18:00etan, Arbizuko udaletxean bilduko dira eta euskaltzale sakandarrak parte hartzera gonbidatu dituzte. Bilerara joandakoen interesetik eta sortuko den diagnostiko horretatik abiatuta "ea zer gogo daukagun euskararen normalizazioari Sakanan beste bulkada bat emateko. Gonbidapen zeharo irekia da", azaldu du Urko Aierbe arbizuarrak. Bera Euskal Herrian Euskarazko kidea da eta eragile hori da, kezka bera duten beste euskaltzale arbizuar batzuekin batera, bilera deitu dutenak.
Aierbek azaldu duenez, "Sakanan euskara berreskuratzeko azken hamarkadetan egindako lana asko da zalantzarik gabe. Euskaltzaleon ekimenez euskararen ezagutza eta erabilera handitu dira, euskarak galdutako eremuak berreskuratu ditu, garai berriek ekarri dizkiguten erronka askotan euskara txertatzen asmatu dugu..." Hala ere, Aierbek gaineratu du "asko da lortutakoa, baina era berean, asko da egiteko duguna. Oraindik ere ezin gara euskaraz normaltasunez bizi Sakana osoan eta eremu guztietan". Aldi berean, "ez dira gutxi ortzi mugan euskarari azaltzen ari zaizkion erronkak eta mehatxuak. Mundua asko aldatzen ari da teknologia berriekin, azkar eta sakon".
Horrekin batera, "Euskal Herri osoan bezala, azken urteetan euskalgintzak eta euskararen aldeko lanak apalaldi kezkagarria bizi duela nabarmena da". Gaineratu duenez, "ez da Sakanan bakarrik dagoen kezka, Euskal Herri guztian dagoen kezka orokorra da. Bereziki herrietako dinamiketan, herrietan garatzen diren egitasmoetan. Korrikarekin eta Euskaraldiarekin herrietan aktibazio bat dago, baina behin horiek pasatuta, beherantz egiten du".
Bileraren deitzaileen iritziz "egiteko asko dago oraindik eta horri erreparatu nahi diogu". Bide batez, "beste marko bat" eskaini nahi dute "Sakanako euskaltzaleak elkartzeko eta hausnartzeko. Dagoen borondatearen arabera. Aukerak eta gogoak ikusten badira euskaren normalizazioari Sakanan beste bulkada bat emateko, aurrera". Aierbek esan duenez, "Euskal Herriko euskaltzalegoan kezka dago. Beharra sumatzen da herrietan eta eskualdeetan euskalgintzari bulkada berri bat emateko. Hau da, euskararen aldeko tokiko ekimenei eta egitasmoei bulkada berri bat emateko". Azaldu duenez, beste herri eta eskualdeetan antzeko pausoak ematen ari dira.
Badituzte optimistak izateko zantzuak ere: "sakandarron atxikimendua euskararekiko bere horretan jarraitzen du Korrikan ikusi dugun bezala. Euskaraz bizitzeko borondatea nagusi izaten jarraitzen du gurean. Finean, grina euskaltzaleak bizi-bizi jarraitzen du. Baina grina horrek bultzada berri bat behar du. Sakana euskalduna lortzeko bidean jauzi berria eman beharra dugu Sakanako euskaltzaleok". Aierbek nabarmendu duenez, "beste garai batzuetan lortu genuen momentuko erronkei heltzea eta orain datozkigun erronkei ere, digitalizazioa eta abar, aurre egin behar diegu. Horretarako, euskaltzaleak herriz herri antolatu behar dute, euskalgintzari eta euskararen aldeko borrokari beste bulkada bat ematera. Goazen pauso garrantzitsu bat ematera euskaraz bizi ahal izateko".
Donostia
Aipatutako kezka horrekin lotuz Euskara aurrera leloarekin manifestazio handia egin nahi da Donostian larunbatean, 17:30ean, Antiguoko tuneletik abiatuta. Gazte Euskaltzaleek egin zuten lehen deialdia. "Gazteen artean ere antzeko kezka dute. Antolatzen eta sare bat sortzen hasi dira". Euskalgintzako hainbat eragilek bat egin dute deialdiarekin. "Euskal Herri euskaldun batean sinesten edo amesten dute guztiei luzatutako deialdia da. Batu, kaleak bete eta denenon artean euskarari bulkada berri bat eman euskararen normalizazioari".