Pilota

Final handian egoteko azken koxka gainditzera

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 13a, 11:00

Buruz Buruko finalerdia jokatuko du Ezkurdiak Jakaren kontra igandean Astelenan. Ezkurdiak errespetu handia dio Jakari, "oso arriskutsua" delako, eta "frontisetik urrun" eduki beharko duela argi du

Buruz Buruko Txapelketa finalerdien zurrunbiloan murgildu da. Larunbatean Bizkaia pilotalekuak Unai Lasoren eta Jokin Altunaren finalerdia hartuko du, ikusmin handia piztu duena. Laso bizepseko lesioaz behar bezala osatu ote den, atseden gehiago hartu izanak mesede egingo ote dion, Altuna nekatuago egongo ote den… denetariko esamesak dabiltza borborka.

Joseba Ezkurdia final laurdenetako ligaxkan partida bakarra jokatuta, Zabaletaren kontrakoa, iritsi da finalerdietara, Altuna eta Dario bere kontra baja izan baitziren. Igandean, Eibarko Astelenan, Erik Jaka izango du arerio. Nolabaiteko "kezka" du arbizuarrak, azken bi asteetan "txapelketaren tentsioa" ez baitu bizi izan. Baina entrenamenduetan buru-belarri aritu da, eta sentsazio onekin iritsi da finalerdietara. Badaki Jaka arerio "oso arriskutsua" dela, eta argi du: "frontisetik urrun eduki beharko dut". Ezkurdiak gaineratu zuen Buruz Buruko finalera lehen aldiz sailkatzeak "ilusio handia" emango ziola.

Erik Jakak "gogotsu" dagoela adierazi du. "Zaila izango da, baina galtzeko gutxi dut, eta ilusio handia" aitortu du. Josebak atseden handiagoa izan duela galdeginda, Lizartzakoarendako "horrek ez du zertan abantaila izan".