Pilota

Perfekziotik gertu, Ezkurdia Buruz Buruko finalera sailkatu da

Guaixe 2022ko mai. 16a, 10:40

Ezkurdiak Buruz Burukoa jokatzeko ametsa bete du. ASPE

Aurrelari arbizuarrak ez zion inolako aukerarik eman Erik Jakari eta finalerdietan 22 eta 2 irabazita, Unai Lasoren kontra jokatuko du Buruz Buruko final handia, Nafarroa Arenan

Buruz Buruko aurkezpenean Nafarroa Arenan jokatuko zen final handian egon nahi zuela azaldu zuen Ezkurdiak, bai hala bai. Sekulako ilusioa zuela. Atzo, igandea, Eibarko pilotaren katedralean jokatutako finalerdian Erik Jakari 22 eta 2 irabazita, bere ametsa gauzatu du. Arbizuarrak Buruz Buruko bere lehen finala jokatuko du berarendako ere txapelketa nagusiko lehen finala izango den Unai Lasoren kontra. Bi pilotari nafarren arteko finala, lehenengoz Nafarroan jokatuko den finalean. Handia izango da. 

Ezkurdia zen faborito eta apustuak ere bere alde atera ziren, baina, egia esan, askoz ere gehiago espero zen Erik Jakaz, Jaka ez baita edozein, 2020ko Buruz Buruko txapelduna baizik. Joseba Ezkurdiak hasieratik bere makineria guztia jarri zuen martxan, eta ikusgarri aritu zen. Erik Jaka arriskutsua denez, Ezkurdiak ez zion jokatzen utzi; oso aukera gutxi eman zizkion. Jaka frontisetik kanpo mantendu zuen, aireko jokoa ekidin zuen eta horrek min asko egin zion lizartzarrari, jokoz kanpo geratu baitzen. Emaitzak erakusten duen bezala (22 eta 2), Jaka guztiz menderatu zuen eta perfekziotik gertu jokatu zuen arbizuarrak. Ausart jokatu zuen, eta guztia atera zitzaion ondo. 167 pilotakada gurutzatu ziren partidan sekulako erakustaldia eman zuen, eta animoz topera iritsiko da final handira. 

Hunkituta
Bukaeran, hunkituta zegoen Ezkurdia. “Finalean egoteko sekulako ilusioa nuen eta lortu dut” zioen. Buruz Buruko partida bat Nafarroan jokatuko den lehen aldia izango da, eta gainera bi pilotari nafarrek jokatuko dute. “Partida oso zaila dut aurretik, Unaik berriro profesionaletan hasi zenetik egin duenak meritu handia duelako eta ikaragarri ongi jokatzen duelako, baina ni ere ongi prestatuta nago, gogotsu nago, eta ea zer ateratzen den finalean. Ea biek partida ona egiten dugun, giro ederra egongo da, seguru” gaineratu zuen. Zalantzarik gabe, Nafarroa Arenakoa final handia eta erakargarria izango da.