Pilota

Nork jantziko du txapela?

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 29a, 12:13

Joseba Ezkurdiak eta Unai Lasok gaur, igandea, Iruñean jokatuko duten Buruz Buruko finalak aparteko ikusmina piztu du. Final irekia, gogorra eta borrokatua aurreikusten da, pilotaren festa ederra

Finalek beti pizten dute interesa, baina igandeko Buruz Buruko finalak sortu duen ikusmina apartekoa da. Nafarroak lehenengo aldiz hartuko duelako Buruz Buruko finala, agian. Edo Joseba Ezkurdiak eta Unai Lasok, bi nafarrek, jokatuko dutelako. Finalak horrenbeste jende mugitzea “oso polita” dela adierazi zuen Ezkurdiak material hautaketan. “Giro izugarria egongo da igandean” gaineratu zuen Lasok. 

Lasok pilota biziagoak aukeratu zituen, eta Ezkurdiak motelagoak, eta biak gustura zeuden nahi zutena bilatu zutelako. Soilik bi egun izan dituzte Nafarroa Arenan entrenatzeko. Lasok azaldu zuenez “gustatu zitzaidan, bizia da, ni bezala”. Ezkurdiak esperientzia gehiago du bertan, bi txapela irabazi baititu Nafarroa Arenan, 2018ko eta 1019ko Lau eta Erdiko txapelak, hain zuzen, eta gustuko du. “Frontoi gogorra da baina ez da jokatzeko zaila” azaldu zuen. Nafarroa Arenako instalazioak ikusgarriak dira, eta bertan jaialdi gehiago antolatu beharko zirela dago guztion ahotan.

Final orekatua aurreikusten da, gogorra. Lasok azaldu zuen pilota biziagoak aukeratu zituela “Ezkurdia frontisetik urrutiago mantentzeko. Hori izan behar da nire estrategia”. Ezkurdiak, bere aldetik nola jokatu nahi duen “oso argi duela” esan zuen: “ekimena hartu beharra dut, Unai mugiarazi eta ongi defendatu”. Faboritoa nor den galdetuta, Ezkurdiaren iritziz “Unai da faboritoago. Urte ikusgarria darama, eta hiru finalak jokatuko ditu”. Lasok Ezkurdia “zezena bezala” ikusten du, baina “finala parean” dagoela uste du, “biak oso ongi iritsi garelako”. Buruz Buruko final ireki baten aurrean gaude. 

Igandean irabaziz gero, hiruko koroa lortuko luke Ezkurdiak. Lau eta Erdiko, Binakako eta Buruz Buruko txapelak dituzten pilotarien klub preziatuan sartuko zen bederatzigarren pilotaria litzateke. “Sekulakoa” liratekeela aitortzen du, baina “jendearen maitasuna jasotzea da politena” bere ustez.