Pilota

Ezinaren amorrua

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 29a, 20:13
Joseba Ezkurdiak kolpe latza jaso du, baina azken 15 egunetan bizitakoarekin, “oso eskertuta” dagoela aitortu du.

Unai Lasok merezitako Buruz Buruko txapelketa lortu du Joseba Ezkurdiari 7 eta 22 irabazita. Ezkurdiak ez du bere jokoa egin

Sanferminak aurreratuko zirela aurreikusten zen, eta hala izan da: sekulako giroa egon da leporaino beteta zegoen Nafarroa Arenan, festa egun handien giroa. Aurpegi ezagun asko, pilotazale peto-petoak eta Joseba Ezkurdiaren eta Unai Lasoren zale zaratatsuak. 

Kateatuta
Tamalez, Ezkurdiak ezin izan du Riau- Riaua gustura kantatu, Unai Laso bere gainetik pasa baita. 7 eta 22 galduta, “penaz eta amorruz” zegoela aitortu du arbizuarrak, “batez ere nire jokoa ezin izan dudalako egin. Horrek ematen dit amorru gehien. Beroketan ongi nenbilen, baina partida hasita, ez naiz ongi ibili” azaldu du. Kolpea “oso latza” izan da.

Gaurkoa ez da bere eguna izan. Gaurko Joseba ez da finalerdietan Erik Jaka 2 tantotan utzi zuena. Akats eta opari asko egin ditu, sake huts bat, tarteko. Baina egia da ere Unai Lasok izugarri ongi jokatu duela. Partida dominatu du, nagusi izan da, eta jokoa goitik behera kontrolatu du. Zalantzarik gabe, merezita jantzi du Buruz Buruko txapela.

Hala ere, azken 15 egun hauek “zoragarriak” izan direla nabarmendu du Ezkurdiak, eta “final ikusgarri hau” bizi izanagatik “oso eskertuta” sentitzen dela azpimarratu du, “halako giroarekin, Nafarroa Arenan bizitakoa gozamena izan delako. Pena nire jokoa egiterik izan ez dudala. Horrek ematen dit amorru gehien” berretsi zuen. Eta, jakina, bihotzez zoriondu zuen Unai Laso, “oso ongi jokatu duelako, pilotari handia delako eta merezi duelako”.

Laso, oso eskertuta
Unai Laso nekatuta baina oso pozik zegoen, “ezin sinetsi”. Partida guztian zentratuta egon zela, eroso aritu zela eta eskuinarekin gozatu zuela aipatu du, eta ez dela partidatik atera. Gezurra dirudi duela urte bat afizionatuen Irurtzungo Pilota Txapelketako finala jokatzeko bezperetan zegoela, eta urte bateko epean profesionalen hiru finalak jokatu eta Buruz Burukoa irabazi duela.

Hain zuzen ere Baiko enpresatik kanpo geratu zenean bere alboan izan zituen guztiei eskaini die txapela, tartean bere prestatzaile Egoitz Carrion irurtzundarrari. “Ez ditut inoiz ahazten, eta gaur ere nire lehen pentsamendua eurendako izan da”. Partida ona egin duela aitortu du, Joseba Ezkurdia ere goraipatu eta zoriondu du, eta txapela “lagunak prestatu duten parrandarekin” ospatuko duela gaineratu du, “dagoeneko Iruñean ibiliko dira, bazterrak nahasten”. Bihar bertan Greziako bidea hartuko du merezitako oporrez gozatzeko. Olinpoa du zain.