Udalak dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza onartu du

Guaixe 2022ko eka. 14a, 09:02
Arbizuarrak plazantz joaten. ARTXIBOA

Hainbat arlotako jarduerek aukera izanen dute laguntzak jasotzeko deialdiak egiten direnean.

Ikusirik Arbizun gizarte egitura egunetik egunera hazten ari dela, eta, horrekin batera, herriaren bizitzaren arlo ugaritan gizarte ekimeneko programa eta jardueratan parte hartzea garatzen ari dela, Arbizuko Udalak uste du jarduera horiek balio erantsi handia ematen diotela herriari, bai parte hartzaileei, onuradunei eta bultzatzaileei. Horregatik, udala gero eta diru gehiago bideratzen ari da udala elkarteen lana errazteko. 

Hori eta publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak kontutan izanda, Arbizuko Udalak erabaki du dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza onartzea. Udalak erabaki duenez, honako arloetan jarduerak garatzeko laguntzak emanen ditu, beti ere, dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira: kultura; musika; kirola; hezkuntza; euskararen sustapena; gazteria; berdintasuna eta emakumea; hirugarren adina; osasuna eta gizarte laguntza; giza eskubideak, laguntza humanitarioa eta garapenerako lankidetza; enplegua eta prestakuntza; historia memoriaren berreskurapena; turismoa; jasangarritasuna eta ingurumena; herritarren parte hartzea; azpiegiturak eta telekomunikazioak. Gainera, onuradun izan daitezkeenek egiten dituzten gainerako jarduera edo zerbitzu guztiak, udalaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.