Iragana, oraina eta geroa artearen bidez islatuta

Guaixe 2022ko eka. 14a, 11:55
Arbizuko udaletxeko 'Artea kalean' erakusketa. UTZITAKOA

Andra Mari ikastolak antolatutako Sakanako ikastolen V. Arte Proiektuaren 'Artea Kalean' erakusketa aurreko astean ikusgai egon zen, Arbizuko udaletxean. Aurten 'Street Art'-ean oinarritu dira artelanak egiteko.

"Denboran zehar gure herrietako espazioek (edo ohiturek) zer nolako aldaketak jasan dituzte? Denboraren poligrafoa harturik, zein etorkizun irudikatzen dugu?". Bi galdera hauek erantzunez Sakanako ikastoletako ikasleek Andra Mari ikastolak antolatutako V. Arte Proiektuaren erakusketa osatu dute: Artea Kalean. Maiatzaren 3an mustu zuten eta aurreko astean ikusgai egon zen Arbizuko udaletxean.

Duela hamar urte sortu zuten Arte Proiektua deitutako ekimena Sakanak ikastolek; Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txioka Haur Ikastola. Proiektua bi urtetik behin egiten dute; gai edo hainbat sortzaile oinarri hartuta ikasleek artelanak egiten dituzte, eta egindako lanekin erakusketa bat egiten dute. Helburua "eremu artistikoari bultzada ematea eta Ikastolako Hezkuntza Komunitatearen garapenean" islatzea da.

Bost edizioetan Sakanako artistak, Sakanako idazleak, Sakanako musikariak, BirziklART hondakinak birziklatzea eta berrerabilpena eta, aurtengoa, artea kalean gaiak jorratu dituzte. Street Art edo kaleko artean deitutako diziplinan oinarritu dira, ikastolaren xedea, azaldu dutenez, "herriarengandik gertu egonez, inguruari ahal duen guztia eskaintzea" delako.

Artea Kalean
Arbizuko udaletxean egin zuten erakusketan, Haur Hezkuntzako Etxarri Aranazko eta Arbizuko bost urteko taldeak Parke magikoa deitutako lana egin du. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleek Gure herriak atzo, gaur eta bihar deitutako artelana egin dute, baita hirugarren mailakoek ere izenburu berdina duen lana sortu dute. Bosgarren eta seigarren mailakoek Geometric disc lana egin dute. DBHko lehenengo eta hirugarren mailakoak jolasetan eta jokoetan oinarritu dira, eta Jolas zaharrak, argazki berriak eta Etorkizuneko joko-jolasak lanak sortu dituzte, hurrenez hurren