Ekainaren 10ean eta 11n jokatu zen Arbizu Kirol Taldeak antolatutako Arbizuko Balda Futsal 24 Orduak areto futbol txapelketa. Andra Mari ikastolak ikasturte bukaerako festa antolatu zuela gehituta, festa ederra izan zen Arbizun.
Arbizu Kirol Taldeak baditu urte batzuk.
Orain dela 11 urte inguru sortu zen, eta ordutik aktibo dago, ez da inoiz eten. Taldea sortu zutenetako batzuek segitzen dute, baina asko oinordekoak gara, gazteagoak. Gazteen eta helduen arteko fusio bat egin dugu. Gazteoi oso aberasgarria egin zaigu belaunaldi ezberdinen arteko erlazio hori sustatzea, erlazio oso polita baita.
Non lehiatzen zarete?
Iruñeko liga amateur batean, FS5 liga deitutakoan. Lehen mailan jokatzen dugu guk, asteburuko txapelketan. Izan ere asteburuko eta astez jokatzen den txapelketak daude, eta txapelketa bakoitzean lauzpabost maila daude. Oker ez banago, guztira 400 talde lehiatzen gara Iruñean. Gure mailan, lehen mailan, 15 talde gara. Horretaz gain herrietako torneo puntualetan ere parte hartzen saiatzen gara, ahal dugunean.
Zergatik ez duzue federazioko txapelketan parte hartzen?
Federazioaren txapelketak maila handiagoa duela uste dut. Konpromiso gehiago eskatzen du. Guk nahiago dugu FS5 Ligan aritzea ahalbideratzen duelako areto futbolean aritzea, baina konpromiso handirik gabe. Bestalde, izena ematea merkeagoa da, federaziokoaren erdia.
Zer nolako denboraldia egin duzue?
Bueno... erdipurdikoa esango nuke. Urtero bezala oso gogotsu hasi ginen, Gabonak arte beti hala ibiltzen gara, jokalari askorekin, baina ilbeltzetik aurrera beti berdina gertatzen zaigu, partidetara jende gutxiago joaten hasten gara, eta denboraldia pixka bat makal bukatzen dugu, jokalari justuekin ibiltzen garelako eta horrek erretzen duelako. Baina Lehen mailan mantentzea lortu dugu, disfrutatu dugu eta alde horretatik oso ongi. Askotan galdetu izan diogu gure buruari konpromiso gehiago izanez gero zer egiteko gai izango ginatekeen, baina halakorik etorri ez denez…
"Sekulako finala izan zen; azkenean Ingenieria Iradi talde altsasuarra gailendu zen"
Lehendabiziko aldia da 24 orduko txapelketa bat antolatzen duzuela?
Ni taldean nagoenetik bai, baina taldearen hasiera haietan 12 orduko txapelketa pare bat antolatu zituztela uste dut. Arbizun halako torneoren bat egiteko gogoa izan dugu beti, 12 ordu horiek berriz pizteko grina, sekulako giroa egoten zelako eta halakoetan asko disfrutatzen dugulako. Aurten data jarri genuen eta txapelketa aurrera eramatea erabaki genuen. Fran Baldaren kuadrillakoek proposatu ziguten txapelketari haren izena jartzea eta primeran iruditu zitzaigun.
Arbizuko Balda Futsal 24 Orduek harrera bikaina izan dute.
Bai, hamasei taldek jokatu zuten, talde sakandarrek, Arabako Lautadakoek eta Iruñea eta Burlatakoek. Gure taldeko jokalari batzuek parte hartu genuen, baina beste talde batean. Txapelketa giro ederrean jokatu zen, inolako arazorik gabe. Finala Ingenieria Iradi talde altsasuarrak eta Iruñeko Eurovegas taldeek jokatu zuten. Final ederra izan zen, borrokatua, bi taldeak onak direlako. Iradi taldekoek urte asko daramate eta beti daude borrokan. Eurovegas Iruñekoa da, talde sendoa, baina Ingenieria Iradik irabazi zuen. Hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida ez genuen antolatu; beraz, hirugarren postuan bi talde sailkatu ziren, Arbizuko taldea eta Aguraingoa.
Maila handiko partidak izan ziren?
Beti bezala, denetarik egon zen. Talde hobeak eta maila gutxiagokoak daude, baina partidetan mundu guztia gogotsu zegoen, partidak intentsitate handiz jokatzen, eta hori da garrantzitsuena eta politena. Finala sekulako partida izan zen. Bukaera arte tentsio handia eta maila handiko finalaz gozatzeko aukera izan zen. Partida bereziak egon dira, bai. Sariei dagokienez, talde irabazleak 300 euro eta Arbizuko produktu lote ederra jaso zuen: txistorra, gazta, txorizoa… Ildo honetan, oso eskertuta gaude herriko komertzio eta eragileekin, eurek emandako produktuekin lote bikainak prestatu genituelako.
Festa ederra sortu zenuten Arbizun.
Aspaldiko torneotako egunak etortzen zitzaizkigun burura, frontoia gainezka egoten zenekoak, eta une horiek berriro bizitzea oso berezia izan zen, kiroldegia beteta zegoelako. Tabernak aparteko giroa eman zion, eta asteburu polita izan zen, Andra Mari ikastolaren festarekin borobildu zena.
Zapore oso ona utzi du txapelketak. Datorren urtean berriro?
(Kar, kar…) Txapelketa jokatu aurretik jada esaten genuen datorren urtean berriro egingo genuela, beraz… Lan handia da, baina urtero Baldaren oroitzapena mantentzeko eta herriari giroa emateko ahaleginduko gara; asmoa badugu.
Arbizu Kirol Taldeak oporrak hartuko ditu orain, ezta?
Aurreko asteburuan Xixonen egon ginen. FS5 Ligak estatuko probintziako txapeldunen arteko txapelketa antolatu zuen, eta gonbidatu gintuzten, duela zenbait urte aurrean egon ginelako. Gure multzoan Jaen, Bartzelona eta Lleidako talde bana zegoen. Esperientzia berria izan zen, eta gure maila ematea, ahal den guztia borrokatzea eta disfrutatzea izan zen gure helburua.