Pilota

Joseba Ezkurdia, Sanferminetako Lau eta Erdian aurrera

Guaixe 2022ko eka. 27a, 09:30

Aurrelari arbizuarrak Danel Elezkanori 22 eta 8 irabazi zion eta finalerdietarako sailkatu da

Joseba Ezkurdiak pauso bat aurrera eman du Sanferminetako Lau eta Erdian. Larunbatean Danel Elezkano izan zuen aurkari final laurdenetan, Muskizen, eta arbizuarrak aurrera egitea lortu zuen, Danel Elezkano 8 tantotan utzi eta gero. Ezkurdiak sekulako partida egin zuen, pilota abiadura ikaragarrian mugitu zuen eta kantxatik nahi bezala mugitu zen, azkar eta bizi, harridura eta guzti sortu zuena. Izan ere, kontuan hartuta 1,92 metroko altura duela eta 93 kiloko pisua daukala, hori meritua handia da. Egunero-egunero egiten duen lan gogorraren ondorioa. 

Ezkurdiak hasieratik hartu zuen aginte makila. 12 eta 1 aurreratu zen, eta 11 tantoko takada basatia egin zuen. 18 eta 3ra joan zen segidan, 20 eta 6ra, ondoren, eta 22 eta 8 behin betikoa.

Arerioa, Altuna edo Etxeberria
Aspeko beste final laurdena Altunak eta Peio Etxeberriak jokatuko dute asteazkenean, San Pedro Egunean, Mungian. Irabazleak Joseba Ezkurdia izango du zain Sopelan ostiralean jokatuko den finalerdian. 

Baikoko adarrean, Peña II.a finalerdietarako sailkatuta dago, igandean Urrutikoetxeari 20 eta 22 irabazi eta gero. Finalerdietako bere arerioa uztailaren 1ean Irunen Lasok eta Artolak jokatuko duten final laurdenetatik aterako da.