Pilota

Ezkurdiaren arerioa Peio Etxeberria izango da

Guaixe 2022ko eka. 30a, 10:02
Ezkurdia eta Etxeberria, Labriten jokatutako partida batean. UTZITAKOA

Sanferminetako Lau eta Erdiko final laurdenean Peio Etxeberriak 15 eta 22 irabazi zion Jokin Altunari. Ezkurdiak eta Etxeberriak ostiralean jokatuko dute finalerdia

Atzo, asteazkena, Sanferminetako Lau eta Erdiko Aspeko Adarreko final laurdena jokatu zuten Jokin Altunak eta Peio Etxeberriak Mungian. Behatz batean ebakuntza egin ziotenetik 46 egun bajan egon ondoren, jokatzen zuen lehen partida zuen Altunak. Ongi hasi zen, 6 eta 2 aurreratu baitzen, baina Peio Etxeberriak oso ongi jakin zuen Altunari aurre egiten, txokotik zabalera mugiarazi baitzuen eta gantxoekin min handia egin zion. Altuna kaiolako erritmoa eta distantziak hartzerakoan nahiko deseroso ibili zen eta Peio Etxeberriak askoz gehiago jokatu zuen. Horrela, 15 eta 22 irabazita, zenoztarra finalerdietara sailkatu da. 

Hain zuzen ere Peio Etxeberriak Joseba Ezkurdia du zain bihar, ostirala, 22:00etan Sopelan jokatuko den Sanferminetako lau eta Erdiko finalerdian (ETB1). Arbizuarrak ez du ezkutatu uztailaren 7ko eguerdian Labriten jokatuko den kaiolako final handian egon nahi duela, eta bera da faboritoa, baina bere taldekide Peio Etxeberriak ez dio bidea erraztuko. 

Laso vs Artola
Baikoko adarrean, Peña II.a finalerdietarako sailkatuta dago, igandean Urrutikoetxeari 20 eta 22 irabazi eta gero. Finalerdietako bere arerioa bihar, ostirala, uztailaren 1ean Irunen Lasok eta Artolak jokatuko duten final laurdenetatik aterako da.