Pilota

Ezkurdia vs Laso, Sanferminetako lehen finala

Guaixe 2022ko uzt. 6a, 12:00
Ezkurdiak eta Lasok Altsasun lau eta erdiko partida jokatu zutenekoa.

Uztailaren 7an, ostegun eguerdian, Sanferminetako Lau eta Erdiko finala jokatuko dute aurtengo Buruz Buruko bi finalistek

Sanferminetako Pilota Torneoa goitik hasiko da. Aurtengo Buruz Buruko bi finalistek, Joseba Ezkurdiak eta Unai Lasok, jokatuko dute uztailaren 7ko eguerdiko Sanferminetako Lau eta Erdiko finala, lehertzear eta primerako giroan egongo den Labrit pilotalekuan. 

Joseba Ezkurdia ostiralean Sopelan jokatutako Aspeko adarreko finalerdian Peio Etxeberriari 22 eta 16 irabaztetik iritsi da finalera. Partida lehiatuan, Peio Etxeberria 15 eta 16 aurreratu zen, baina Zenozkoak ez zuen partida itxi eta Ezkurdiak buelta ematea lortu zuen, garaipen garrantzitsua lortuta. 

Unai Lasok, bestalde, 22 eta 15 irabazi zion Jon Ander Peñari igandean Elgetan jokatutako Baikoko adarreko finalerdian. Lasok Peña II.ak eman zizkion erraztasunak aprobetxatu zituen Enpresen Ligako bere bosgarren finala jarraian jokatu ahal izateko: 2021eko Sanferminetako Lau eta Erdia, 2021eko Lau eta Erdia, 2021eko Binakakoa, 2022ko Buruz Burukoa eta 2022ko Sanferminetako Lau eta Erdia. Erraz esaten da. 

Beraz, Buruz Buruko final handitik hilabete eta aste bat geroago, Ezkurdiaren eta Lasoren arteko beste final handi batez gozatzeko aukera izango dute pilotazaleek. Kaiolan Ezkurdia da espezialista –bi txapela ditu– eta Buruz Buruko finala galtzearen arantza kendu nahi izango du arbizuarrak, baina Laso arerio gogorra da. Final irekia eta estua espero da. Sanferminak, beraz, goitik hasiko dira.