Pilota

Sanferminetako lau eta erdikoa Ezkurdiarendako

Guaixe 2022ko uzt. 7a, 14:30
Ezkurdiak tarte gutxi izango du txapela ospatzeko, bihar bertan binakako torneoan jokatuko baitu. UTZITAKOA

Arbizuarrak 22 eta 15 irabazi dio Lasori final ederrean

Sanferminetako Lau eta Erdiko Txapelketako finalarekin hasi da sanferminetako pilota feria. Labrit pilotalekua leporaino beteta zela eta duela hiru urtetik ezagutzen ez zen giro apartarekin atera dira kantxara bi finalistak, Joseba Ezkurdia eta Unai Laso. 

Dirua parera atera da eta final estua aurreikusten zuen katedrak. Joseba Ezkurdia ongi hasi da. Maisuki aritu da eta horma-biko ikusgarriekin eta sake zitalak eginez, pilotari eman dion abiadurarekin batera, arbizuarrak errenta polita hartu du. Lasori freskura puntu bat atzematen zitzaion, baina Biskarretekoak egoerari buelta eman dio eta hamabina berdintzea lortu du, eta partida izugarri gogortu da. Ezkurdiak hortzak estutu ditu eta sufritzen jakin du, eta gutxika tanto ederrak egiten hasi da. Lasok, aldiz, hankan arazoren bat sentitzen zuela, aldageletara sartu da. Kantxara itzuli da eta aurrera jarraitu du partidak, baina hortik aurrera Ezkurdia gailendu da, sufrituz, eta 22 eta 15 irabazita, merezitako Sanferminetako kaiolako txapela jantzi du. Ordu bat eta 51 segundo iraun duen partidan, sakez bi tanto egin ditu eta bikain jokatu du.

"Ikaragarri pozik nago. Egun hau beti gogoratuko dut. Torneo berezia da, eta frontoia beterik eta halako giroarekin ikustea… sufritzeak merezi izan du. Pribilegiatu bat naiz hau bizitzeagatik" aitortu zuen.

Binakako Torneoa abian
Gaur, osteguna, gauean hasiko da Binakako Sanfermin Pilota Torneoa, Urrutikoetak eta Imazek Irribarriaren eta Zabaletaren kontra jokatuko duten partidarekin. Ostiralean Ezkurdia eta Laso atzera ere aurkari izango dira. Ezkurdiak Martijarekin osatuko du bikoa, Lasoren eta Mariezkurrenaren kontra aritzeko. Larunbatean Altunak eta Rezustak gaurko partidako galtzaileak izango dituzte aurkari, eta igandean Jaka eta Albisu ostiraleko galtzaileen kontra lehiatuko dira.