Beasain izan da mendi korrikalarien bilgune. Distantzia handiak osatzen dituzten korrikalarien topagune, hobeto esanda. Izan ere, Arrastaka mendi taldeak asteburuan antolatutako hiru lasterketak halakoak ziren. VI. Marimurumendi Marathon zen laburrena (42 km), XI. G2Haundiak ertaina (88 km) eta XI. Ehunmilak proba luzeena (168 km).
Ostiral arratsaldean abiatu ziren bi proba luzeenetako partaideak Beasaindik. XI. Ehunmilak ultra traileko partaideak Beasaindik. 515 zeuden izena emanda, baina 435 partaidek hartu zuten irteera eta horietatik 255 iritsi ziren helmugara. 168 km gogor eta 11.000 m + desnibela zituzten aurretik, eta beroa eta gaua arerio. Mandubia, Gorlako gaina, Jazkue gaina, Txindoki, Lizarrusti, San Adrian eta Oazurtza gainditu behar izan zituzten, Beasainera iritsi arte. Javi Dominguez zen faboritoa, eta Gasteizkoak ez zuen huts egin. Hasieratik bere erritmoa ezarri zuen eta lasterketa buruan kokatu zen. 23 ordu pasatxo behar izan zituen nazioartean geroz eta ezagunagoa den proba osatzeko (23:04:06). Dominguezek bere seigarren garaipena lortu du Ehunmilan, eta lasterketa bukaeran aitortu zuen COVID19-aren geldialdiaren ondoren “espero baino hobeki” sentitu zela eta 23 orduko denboran ibiliko zela aurreikusten zuela. “Egunsentiak Amezketan harrapatu nau, eta ikusgarria izan da” aipatu zuen.
Txindokin hirugarren zen
Bere atzetik, bi ordu eta erdira Ander Erice Tornaria arbizuarra sartu zen (25:36:03). Lan bikaina egin zuen arbizuarrak, distantzia luzeetan eta ultra trailetan ezin hobeki moldatzen dela erakutsiz. Txindokin hirugarren kokatu zen Erice, Javi Dominguezen eta Sergio Tejeroren ondotik, eta ondoren Tejero aurreratu zuen, helmugan bigarren sartzeko, meritu handiz.
2021 urtean denboraldi ederra egin zuen Ericek: bigarren sailkatu zen BUTSeko bigarren etapan, Gasteiz-Iruñean (130 km), bigarren izan zen Ultra Trail Montaña Palentinan (74 km) eta hirugarrena Gorbeia, Anboto eta Aizkorri lotzen dituen Hiru Handietan (101 km). Bada, aurten bide beretik jarraitu du. Ekainean Baigorrin jokatutako Euskal Trails ultra traila irabazi zuen (133 km) eta orain bigarren izan da XI. Ehunmilak lasterketan, Javi Dominguez handiaren atzetik.
Emakumezkoetan Elena Calvillo beasaindarra gailendu zen XI. Ehunmiletan (4:53:28). Proba osatu zuen sakandar bakarra izan zen Erice, Francisco Javier Rodriguez eta Javier Ignacio Gonzalez altsasuarrak erretiratu baitziren.
G2Haundietan Aitor Salinas lehen sakandarra
XI. G2Haundiak ultra traila 351 korrikalarik osatu zuten (88 km eta 6.000 m+: Larraitz, Txindoki, Lizarrusti, San Adrian, Oazurtza). Azkarrenak Aritz Egea (9:51:45) eta Gemma Barrabeig (14:06:34) izan ziren, erakustaldi ederra eginda, Egeak bereziki, errekorra apurtu baitzuen. Lau sakandarrek lortu zuten proba despeditzea eta Aitor Salinas etxarriarra izan zen azkarrena, 69. postuan (14:26:28). Jabi Beraza irurtzundarra 75. postuan sartu zen helmugara (14:36:09), Xuban Mendiola 106. (15:15:42) eta Ivan Lopez de Sabando altsasuarra 120. (15:28:23). Izaskun Agirrek ezin izan zuen proba despeditu.
Azkenik, igandean jokatutako VI. Marimurumendi Marathon proba Alvaro Ramosek (3:39:06) eta Larraitz Aragonek (4:44:11) irabazi zuten, baina 193 sailkatutakoen artean ez zen sakandarrik izan.