Fresko eta lasai egoteko toki bat, bainatu, arrantzatu eta jolasteko. Besteak beste, Arbizuko Maia Lakuntza Garcíak, Egoitz Yeregui Carretero, Martin Lakuntza Garcíak eta Iker Loidi Lakuntzak arratsaldeak Leziza errekaren inguruan pasatzen dituzte. Gurasoek, aitek konkretuki, erakutsi zieten tokia.
Leziza errekak hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du Arbizu. Haren urak Beriaindik datoz, eta Arakil ibaian amaitzen dute. Bide horretan, herritik pasatzen denean, herritarren gozamenerako tokia da, eta haren parean dagoen bidetik jendea paseatzera joaten da. Lekua lasaia ez ezik, segurua ere bada, izan ere, ez da kotxerik pasatzen, eta jendeak Akerruntza auzora joateko bidezidorra bezala erabiltzen du.
Herritik gertu dagoenez, Maia, Egoitz, Martin eta Ikerren kuadrillak bertara jolastera joateko baliatzen du. Ur emari gutxikoa da, eta arrisku handirik gabe bainatu daiteke bertan. Gerriraino, gutxi gorabehera, estaltzen ditu urak; beraz, kontu handiarekin bainatzen direla esan dute haurrek.
Zubitik
Leziz ur emari gutxikoa da, eta haurrek errekan gora egiten dute, Olatzea hotelera iritsi arte
Esan bezala, errekara iristea oso erraza da: "Arrandegiaren ondoan dagoen zubitik etortzen gara". Oinez edota bizikletan etortzen dira toki honetara, eta gehienetan errekan gora egiten dute, Olatzea hotelera iritsi arte. Garai batean errekaren urak erabiltzen zituen errota zen Olatzea. Uretatik ez ezik, ondoan dagoen bidetik ere paseoan joaten da kuadrilla, baita txirrindularekin ibiltzen dira ere inguru horretan. Zenbait herritarrek ere hemendik egin izan ohi dute paseoa.
Leziza errekaren ekosistema baliatuz "arrantzan" ibiltzen dira haurrak. Ez da benetako arrantza, debekatuta baitago. Arrainak eta karramarroak begiratzen egoten dira, eta baten bat hartzen badute ere, gero askatzen dute. Zergatik etortzen diren txoko honetara galdetuta: "Arrainak daudelako eta ez delako jende asko etortzen". Lasai ibiltzen dira haurrak Leziza errekan jolasten. Arrantza ez ezik, presak ere egin izan dituzte; eta uretan daudenez, fresko ibiltzen dira.