'Memoria etorkizuna ere bada' omenaldia Otsaportillon

Guaixe 2022ko abu. 29a, 06:58

Otsaportilloko leizean lore eskaintza egiten. ARTXIBOA

Urtero bezala, irailaren lehenengo igandean, aurten irailaren 4an, Otsaportillon omenaldia eginen dute. Aurten Arbizuko Udalak antolatu du ekitaldia. 

Urbasako Otsaportilloko leizean 1936tik 1939ra bitarte altxamenduaren eta Gerra Zibilaren ondorioz erail eta bertara bota zituzten pertsonei omenaldia eginen zaie irailaren 4an, igandean, 12:30ean. 2017. urteaz geroztik Sakanako Udalek antolatzen dute ekitaldia, eta horretarako lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuten. Aurten Arbizuko Udala arduratu da Memoria etorkizuna ere bada omenaldia antolatzeaz. Helburua "biktimendako egia, oroimena, justizia eta erreparazioa eskatzea" da. 

Omenaldiaren harira Arbizuko Udaletxeko bilkura aretoan Lur Azpian. Desobiratze goiztiarrak Nafarroan erakusketa izanen da irailaren 1etik 8ra.