Mendi lasterketak

Arbizuko ekokanpinetik Beriainera buelta latza

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 5a, 12:00

Korrikalaria helmugaratzen, txalo zaparrada artean. MIREN ARREGI

Xabier Lete eta Sara Peña izan ziren azkarrenak abuztuaren 28an Arbizuko ekokanpinean jokatutako Tritoiena mendi lasterketan. Beroak berez gogorra den proba gehiago zaildu zuen. Ioseba Iza arbizuarra izan zen lehen sakandarra

Arbizuko Ekokanpinean beti egoten da mugimendua, baina ohiko martxari igandean jokatutako Tritoiena mendi lasterketak sortu zuen zalaparta gehitu zitzaion. Lasterketa Arbizuko ekokanpinak antolatu zuen, Dantzaleku Sakana Atletismo klubaren laguntzarekin eta zenbait entitateren babesarekin.

Bero
Beroak berez gogorra den lasterketa are gehiago zaildu zuen, eta hori korrikalariek egindako denboretan nabaritu zen, aurreko edizioetakoak baina zertxobait luzeagoak izan baitziren. Hala ere, lasterkariak ez ziren kikildu, eta 80k baino gehiagok hartu zuten irteera. 20,6 kilometro eta 1.053 metroko desnibel positiboa duen lasterketa ederra zuten aurretik, Beriain ardatz duena. Arbizuko ekokanpinaren perimetroari buelta bat eman eta gero, Leziza ubeldea gurutzatu eta Unanuko dermiora sartu zen proba, Ondatzera. Unanura jaitsi, eta Beriainera igo eta gero, korrikalariek Uharte Arakilgo portutik ekin zioten jaitsierari, portu erdian Unanuko eremu aldera egin eta Ondatz gainetik Arbizun sartzeko. Hortik, Arbizuko ekokanpinera jo zuten zuzenean.

Irabazleak, maisu
Helmugaratzen azkarrena Xabier Lete Biain izan zen (1:51:52). Oñatiarraren nagusitasuna erabatekoa izan zen, ia sei minutu atera baitzizkion Jon Vegas Lopez de Uralde aguraindarrari (1:57:24). Ioar Tabar Clemente iruindarrak osatu zuen podiuma (1:58:28). Lehen sakandarra Ioseba Iza Arretxe arbizuarra izan zen, 30. postuan (2:20:14). Emakumezkoetan Sara Peña Lizarralde oriotarra gailendu zen (2:14:35). Kasu honetan ere Peñak guztiz dominatu zuen proba, ia 14 minutu atera baitzizkion Garazi Artola Balda zumaiarrari (2:28:58). Nuria Mendibi Armendariz orkoiendarrak osatu zuen podiuma (2:41:47).

Guztira 78 korrikalarik osatu zuten proba, sei emakumek tartean. Bukaeran, kanpinean bildutakoen txalo zaparradak eta auzate ederra zituzten zain. Sari emate ekitaldian korrikalariek ibilbidearen edertasuna nabarmendu zuten. Izan ere, Beriainek beti erakartzen du, eta hori ere argi geratu zen igandean. 

Sakandarrak Tritoienan
Gizonak
1.Xabier Lete 1:51:52
30.Ioseba Iza 2:20:14
34.Oscar G. De Andoin 2:27:43
35.Kepa Gordo 2:27:44
38.Jose A. Salgado 2:28:33
51.Ion Igoa 2:37:37
61.Iban Martin 2:54:06
66.Fco. Javier Moreno 3:02:12
70.Raul Lage 3:13:16
71.Ioni Araña 3:15:07
77.Iker Zeberio 3:47:45
78.Ibon Ruiz de Egino 3:47:45

Emakumeak
1.Sara Peña 2:14:35

Erlazionatuak