Mendi lasterketak

Ander Ericeren erakustaldia Guara Somontanon

Guaixe 2022ko urr. 4a, 11:45

Ander Erice, Alquezarko helmugara iristen. UTGS

Mendi korrikalari arbizuarrak nagusitasun handiz irabazi zuen Alquezarren (Huesca) jokatutako ultra traila

Irailaren azken asteburuan Ultra Trail Guara Somontano jokatu zen, Alquezarren (Huesca). Euriak, berez oso latza eta teknikoa den lasterketa are gehiago gogortu zuen, eta traila erresistentzia proba izugarrian bilakatu zen. Ekaitzak iragarrita zeudenez, antolatzaileek 107 kilometrotik 92 kilometrora (4.500 m desnibel +) laburtu behar izan zuten proba, korrikalarien segurtasuna bermatu eta gune arriskutsuenak ekiditeko. Gauerdian abiatu ziren irteeran zeuden 232 korrikalariak, Guara mendizerran eta Cañones parke naturalean jokatutako probari aurre egiteko.

Arbizun bizi den Ander Erice ikusgarri aritu zen eta helmugara bakarrik iritsi zen, traila osatzeko ia 11 ordu behar izan ondoren (10:55:40). Ericek Lehia estua izan zuen Julien Jorro frantziarrarekin, baina azkenean Jorro bigarren sartu zen, ordu erdira (11:26:74). Emakumezkoetan Maryam Bethault frantziarrak erakustaldi bikaina egin zuen, garaipen sendoa lortuaz (12:46:00). Ia ordu bat atera zion Anna Olivares bigarrenari (13:48:15). 

Ander Erice "oso pozik" dago. "Ultra traila oso ondo prestatu nuen eta aurrean egoteko aukera nuela pentsatzen nuen, baina halako lasterketa luzeetan zer gertatuko den, zalantzak izaten dira beti. Gainera, gainontzeko korrikalariak nola zeuden ere ez nekien. Horregatik, garaipenagatik pozik nago" dio. 

Denboraldi bikaina darama Ericek. Maiatzean Baigorriko Euskal Trails ultra traila (133 km) irabazi zuen, eta uztailean bigarren sailkatu zen Ehunmilaken (168 km). Guara Somontano irabazita, 2023ko mendi denboraldian du burua, aukera ezberdinak aztertzen.