Mikel Mendinueta Telletxea motorzalea da "zortzi urte nituenetik. Aitak eta osabak amaren herritik, Ezkurratik, pasatzen zen rally bat ikustera eraman ninduten eta ordutik oso argi izan nuen lasterketetako autoak gidatu nahi nituela". 19 urterekin bere lehen lasterketan parte hartu zuen: 2013ko Urbasako Igoera.
Autoa urriaren 8an jokatuko den Urbasako Igoerarako prestatzen ari zara. Atzera eginez, Urbasako Igoera izan zen zure lehen lasterketa.
19 urterekin erosi nuen nire lehendabiziko autoa, Citroen AX-a, eta auto horrekin nire lehen lasterketan hartu nuen parte, 2013ko Urbasako Igoeran, 21 urterekin. Gogoan dut sekulako urduritasuna nuela.
Urbasako Igoera ez baita edonolakoa. Izen handia du, eta Nafarroan probarik jarraituena da.
Zalantzarik gabe, eta alde handiarekin, gainera. Urbasako Igoera oso ongi ezagutzen dut, baina badu berea. Hasiera azkarra da, eta tentuz ibili behar da, bihurgune arriskutsu pare bat daudelako. Goiko zatia teknikoagoa da. Denetatik du.
Goiko bihurguneak ikusgarriak dira.
Bai, ikusgarrienak dira eta teknikoenak, baina behekoetan akaso arreta gehiago izan behar da, eremu azkarra delako eta gurpilak hotzak daudelako.
Gurpilak, buruko min ederra pilotuendako. Zein gurpil jarri, lehorrekoak, euritakoak, nola dauden…
Bai, nahikoa buruko min, hemen azken uneraino ez baitakigu eguraldia nola dagoen. Gerta daiteke entrenamenduetan euria egitea, eta bigarren pasarako eguzkia ateratzea eta errepidea lehor egotea. Denetarako prest egon behar dugu.
"Urbasako Igoerak izena du eta azkenean pilotu onak animatzen dira lehiatzera"
Lehen autoa, AX-a, nolakoa zen?
Lasterketetarako erdi muntatuta zegoen, eta lagunekin batera azken prestaketak egin genizkion. AX-arekin lehengo lasterketa egin nuen bakarrik, gero autoz aldatu nuelako, orain erabiltzen dudana. AX-ak gauza asko kili-kolo zeuzkan, hobetu beharrekoak, eta bertan dirua gastatu beharrean beste auto bat erostea erabaki nuen. Guztiz prestatuta erosi, eta disfrutatu.
Peugeot 205, auto mitiko bat erosi zenuen. Zergatik?
Beti gustatu izan zaidalako. Nahiz eta nahiko zaharra izan, 80. hamarkadakoa, oso arina da. Matxura gutxi izan ditu. Altsasuko lagun bati erosi nion eta hark Valentziatik ekarri zuen, lasterketetarako ia egokituta: segurtasun barrak, sute itzalketako sistemak, deskonektatzaileak eta bestelakoak. Martxak oso motzak dira, indargetzaileak aldatuta ditu, freno hobeak... 2014 bukaeran erosi nuen eta ongi ibili da. Joan zen urtean aldatzekotan egon nintzen, baina kariñoa hartu diot eta mantendu nuen. Urtean bizpahiru lasterketa egiteko eta ongi pasatzeko nahikoa da auto hau.
Pilotuek ezagutza mekanikoak dituzue, eta beharko.
Bai. Erdi Mailako Mekanika zikloa egin nuen. Horri lagunekin bajeran sartutako ordu guztietan ikasten dena gehitu behar zaio. Bestalde, Arbizuko IAT-ITVan lan egiten dut. Beti auto artean.
Zein lasterketatan aritzen zara?
Tarteka Gipuzkoan, Araban eta Errioxan ibili izan naiz, baina gehienbat Nafarroakoetan.
Nafarroako Mendi Igoera Txapelketan lehiatu izan zara.
Lehen Nafarroako Igoera Txapelketako ia proba gehienetan lehiatzen nintzen. Urtero zazpi-zortzi lasterketa ziren. 2016an eta 2017an Nafarroako Igoera Txapelketako turismoen kategorian hirugarren sailkatu nintzen maila absolutuan, eta 2016an junior mailako Nafarroako txapelduna izan nintzen turismoetan. Saria jasotzea polita izan zen.
Txapelketa lortzeko, denboraldian ongi aritu beharra dago.
Bai, eta horrek denbora asko kentzen du. Lasterketa baten aurreko bi asteak eromena izaten dira, autoa behar bezala jarri behar baita: frenoak errebisatu, injekzioak ongi erregulatu, denak ongi joan daitezen, motorra begiratu, guztia errepasatu, azken unean sortzen direnak konpondu… Bestalde, urte hauetan guztietan istripu larririk ez dut izan. Zortea izan dut horretan.
"Lasterketa baten aurreko bi asteak eromena dira, autoa behar bezala jarri behar baita"
Noiz entrenatzen zarete?
Lasterketa bat jokatu baino aste bat lehenago ibilbide horretan entrenatzeko aukera izaten dugu, ibilbidea probatzeko. Zenbat eta lasterketa gehiagotan aritu, orduan eta hobeki gidatuko duzu, arinago.
Nola dago zure autoa?
Ongi, Urbasako Igoerarako ia prest. Azken ukituak falta zaizkio.
Urbasako Igoeran zein da zure denborarik onena?
Esango nuke 2017 urtekoa, 4 minutu eta 7 segundo.
Aurten, zein da helburua?
Lehendabizi, lasterketa bukatzea (kar, kar). Azkenaldian urtero hiruzpalau lasterketa egiten ditut. Aurten Olaztiko Rallysprinta egin nuen Jon Zelaia bakaikuarra kopilotu nuela, gustura, eta Berako Ibardingo Igoera. Urbasa Igoera ongi bukatzen badut, beste bat egin nahiko nuke, urtea ongi despeditzeko. Igoerak gustatzen zaizkit rallysprintak baino gehiago.
Urbasako Igoeran pilotu handiak bilduko dira?
Pilotu garrantzitsuak etorriko direla uste dut. Urbasako Igoerak izena du eta azkenean jende ona animatzen da. Sakana Motorsportekoa naizenez, antolakuntzan ere bagabiltza eta kontentu.
Motorzaleak Urbasara gonbidatuko dituzu?
Jakina, Sakanako motor festara animatu daitezela, ongi etorriak izango dira!