Pilota

Udako erregeak

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 3a, 11:25

Ezkurdia eta Mariezkurrena Martinezekin.

Ezkurdiak eta Mariezkurrenak 22 eta 15 irabazi zieten Altunari eta Imazi akats asko izan zituen partida eroan. Denboraldiko azken torneoa irabaziz, udako errege gisa koroatu dira. Asier Martinezek jantzi zien txapela

Potentziak kontrolik gabe ez du ezertarako balio. Indar handia izan zuen pneumatiko etxe batek Carl Lewis atleta ezaguna takoietan korrika egiten jarri zuen publizitate iragarkiak. Eta hori gertatu zitzaien CaixaBank Masterseko finalean neurri batean Jon Mariezkurrenari eta Joseba Ezkurdiari. Hasieran ez zutela euren indar neurrigabea menderatu.

Mariezkurrenaren berpizkundea eta saltoa izan da aurtengoa. Sekulako jotzea du, baina Mastersean Altunaren eta Imazen kontra 4 pilota gora joan zitzaizkion eta beste bi kanpora. Baina, horrekin batera, pilota atzeraino bidali zuen makina bat aldiz, Imaz gogotik sufritu araziz. Izan ere, hori izan zen Ezkurdiaren eta Mariezkurrenaren estrategia: atzera egin, Imaz jokoz kanpo eusteko. Nolanahi ere, hasieran Imazek nahiko ongi eutsi zion. Horri pilotariek egindako akatsak gehitu behar zaizkie: Ezkurdiak eta Mariezkurrenak 9 egin zituzten guztira, eta Altunak eta Imazek 7. Datu hauek ikusita, esan beharra dago hasiera nahiko traketsa izan zuela Masterseko finalak, hasiera zurruna, akatsek erabaki baitzuten gehiago egindako tantoek baino.

Ezkurdia: "Azkenean bagenekien gu ari ginela erritmoa jartzen, kantxan agintzen, eta horrekin 22ra iristeko aukera genuela"

Nolanahi ere, Ezkurdiak eta Mariezkurrenak aurrea hartu zuten. Hiruko berdinketaren ondoren aurrean jarri ziren, baina zenbait akats probestuz bederatzina berdindu zuten Altunak eta Imazek. Bederatziko berdinketa apurtzeko tantoa entretenigarria eta gogorra izan zen, gorrien aldera erori zena, eta hortik aurrera euren aldea zabaldu zuten Mariezkurrenak eta Ezkurdiak. Imaz etengabe eraso zuten, eta Altuna jokoz kanpo utzi. Konfiantzarekin jokatu zuen Ezkurdiak, eta beharrezko lasaitasuna eman zion tarteka bere indarra ezin bideratu eta pilotak gora edo kanpora joan zitzaizkion Mariezkurrenari. Horregatik izendatu zuten arbizuarra partidako pilotaririk onena, Mariezkurrenaren akatsengatik. Berriozarkoak jo zuen guztia onera emango balu, partida askoz ere lehenago despedituko zelako eta bera izango zelako onena, zalantzarik gabe. 

Aldiz, sufrikario latza pasa zuten galtzaileek, Imazek bereziki. Nahikoa egin zuen jaso zituen misil gehienak ahal zuen moduan erantzuten. Altuna oso gutxitan sartu ahal izan zen jokoan, eta sartu zenean ere ez zuen erabaki. Berak ere zenbait akats egin zituen. Azkenean, ordu bat eta 4 minutu iraun zuen finalean eta 619 pilotakada gurutzatu ziren partidan 22 eta 15 gailendu ziren Ezkurdia eta Mariezkurrena. Donostiako Hiria Torneoa ere elkarrekin irabazi zuten, eta oso ongi elkar ulertzen dutela erakutsi dute.

Mariezkurrena: "Sei finaletatik sei jokatu ditut eta horietatik bost irabazi, sekulakoa da. Uda hasieran ez nuen inola ere espero. Oso pozik nago"

Zalantzarik gabe, biak udako gizonak dira. Ezkurdiak sanferminetako Lau eta Erdia irabazi du, Gasteizko Andra Maria Zuriaren Torneoa, Zabaletarekin; Donostiako Hiria Torneoa, Mariezkurrenarekin; eta CaixaBank Mastersa. Eta Mariezkurrenak udan jokatu diren final guztiak, seiak, jokatu ditu. Ikusgarria. 

Asier Martinez
Asier Martinez 100 metroko hesien Europako txapeldunak jarri zizkien txapelak. Zizurko atletak omenaldia jaso zuten partida hasieran eta hasierako sakea eta lehen tantoa nork aterako zen aukeratzeko txapa bota zuen. Bestalde, giro paregabea zegoen Nafarroa Arenan, 2.500 pilotazale bildu baitziren. Ostiraleko sarrera bikaina ere kontuan hartuta, plaza oso interesgarria da Iruñekoa.