Pilota

Lau eta Erdia aurkeztu dute

Guaixe 2022ko urr. 4a, 10:02

Txapelketaren aurkezpena Bilbon egin zuten. BAIKO

Joanes Bakaikoak atarikoa galdu ostean, Joseba Ezkurdia izango da ordezkari sakandar bakarra

Lau eta Erdiko Eusko Label Pilota Txapelketa atzo, astelehena, aurkeztu zuten Bilboko Bizkaia pilotalekuan, bertan jokatuko baita finala azaroaren 20an. Hamabi pilotarik jokatuko dute distantzia txikiko txapelketa, eta soilik ordezkari sakandarra izango dugu, Joseba Ezkurdia, Joanes Bakaikoa etxarriarrak ez baitzuen larunbatean Tolosan jokatutako atarikoa gainditu: 22 eta 13 galdu zuen Agirreren kontra. 

Berrikuntza oso gutxirekin dator txapelketa, lehiaketa sistema bera baita: final zortzirenak, final laurdenen ligaxka, finalerdiak eta final handia. Ezingo da partidarik atzeratu; lesionatzen denari partida galdutzat emango zaio. Finala ere ez da atzeratuko. Finalistaren batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du. 

Pilotariei dagokienez, Dario errioxarra izango da txapelketan debutatuko duen bakarra, gainontzekoak aspaldiko ezagunak baitira. Jokin Altuna da egungo txapelduna eta bera da faborito nagusia, sasoi bikainean dagoen Joseba Ezkurdiarekin eta Lasorekin batera. Azkeneko sei finaletan jokatu du Jokin Altunak, hiru txapel eskuratu ditu eta bide horretan jarraitu nahi du, tronutik jaitsi gabe. Joseba Ezkurdiak bi txapel ditu eta hirugarrena janzteko prest dago ere. Eta ez dira joan zen urteko Laso finalista eta gainontzeko pilotariak ahaztu behar, pilotari guztiek asko eta ongi jokatzen dutelako.

Ezkurdia, final laurdenetan
Lau eta Erdiko Txapelketa asteburuan hasiko da, final zortzirenekin. Bilbon egindako zozketak hala erabakita, A multzoan bi partida jokatuko dira asteburuan: Urrutikoetxea Peñaren kontra, larunbatean Zallan, eta Dario Agirreren kontra, igandean Lekunberrin. Aurrera egiten dutenek final laurdenetan Altuna eta Peio Etxeberria izanen dituzte zain. 

B multzoan bi partida jokatuko dira, Elezkanok eta Artolak ostiralean Billabonan erabakiko dutena eta larunbatean, Zallan, Jakak eta Elordik jokatuko dutena. Irabazleek final laurdenetako ligaxkan Joseba Ezkurdia eta Unai Laso izanen dituzte zain. Ezkurdiak urriaren 14an Elordi eta Jakaren arteko partidako irabazlearen kontra jokatuko du, Beasainen, eta Lasok Elezkanoren eta Artolaren arteko irabazlea izango du aurkari, urriaren 15ean, Labriten.