Astekaria

Txistorrarendako kalitate ziurtagiri izendapena bidean

Guaixe 2022ko urr. 12a, 14:00

Nafarroako Txistorra markaren aurkezpena. Ainara Goikoetxea Arbizu, gorriz, kontseilariaren ondoan. Bien atzean, Patxi Goikoetxea. NAFARROAKO GOBERNUA

Adierazpen Geografiko Babestua izendapena eskuratzeko bidea hasi du 'Nafarroako Txistorra' markak;  Europako kalitatezko ziurtagiria eskuratu nahi du. Reyno Gourmet zigiluaren parte bihurtuko litzateke. Sustatzaileen artean Arbizu Hestekiak dago.

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan Nafarroako Txistorra marka kolektibo berria aurkeztu zuen irailaren 30ean (gaztelaniaz bi bertsio daude ch-z eta tx-z idatzita). Itziar Gomez Lopez kontseilariak azaldu zuenez, ″marka berria Nafarroako kalitatezko gainontzeko markei batu zaie. Eta Reyno Gourmet zigiluaren parte bihurtu da. Txistorra kalitatezko figura gisa egiaztatuko duen Adierazpen Geografiko Babestua lortzeko Europan tramitea abian jarri dira″. 

Marka sortu eta Adierazpen Geografiko Babestua (AGB) Europako izendapenak lortzeko aurreneko pausoa Nafarroako zortzi enpresa txistor ekoizlek eta Nafarroako Harakinen Gremioak eman zuten: ekoizleen elkartea sortu. Aurrenekoen artean Arbizu Hestekiak enpresa dago. Hango arduradun Ainara Goikoetxea Arbizuk azaldu duenez, ″izendapenak produktuaren eta Nafarroaren arteko lotura adierazten du. Txistorrak hemen historia eta izena du, eta ezaugarri berezi batzuk. Hori guztia eta bertako produktua babesteko da izendapena″. 

Goikoetxeak gaineratu duenez, ″produktuak zigilu bat eramateak esan nahi du atzean kontrol bat dagoela, bermea da. Bai bertako merkatura begira, bai atzerrira ere″. Ideia horrekin bat egin du Gomezek: ″ziurtagiriak inportatzaileen txistorrarekiko interesa areagotu baino ez dute eginen, nazioarteko ikuspegi handia duen kalitatezko marka baita″. Jakinarazi zuenez, kalitate bereziko nekazaritzako elikagaien Amerika merkatuko hurrengo azoketako batean parte hartuko du. 



Elkartea
Sortutako elkarteari dagokionez, Goikoetxeak jakinarazi duenez, edozein txistor ekoizle egin daiteke kide, bai enpresa (zortzi, oraingoz) bai harakin. ″Baldintza da nafarrak izatea eta ekoizten duten txistorrak zehaztutako ezaugarriak izatea, eta, horretarako, inspekzioa pasatu behar da″. AGBko txistor batek zein ezaugarri izan behar dituen elkartekideek zehaztu dituzte. ″Horretarako, harakinen Nafarroako txistor lehiaketako oinarriei erreparatu genion″. Goikoetxeak azaldu duenez, ″ekoizleek Nafarroako Gobernuaren Intia enpresaren kontrolak eta autokontrolak pasa ditugu izendapenaren baldintzak betetzen dituzten jakiteko″. Arbizuarrak jakinarazi duenez, ″lehen eta orain berdin lan egiten dugu. Aurretik ere eskatutako ezaugarriak betetzen genituen″. Eta aurreratu du Reyno Gourmet eta Nafarroako Txistorra zigiluak dituzten lehen txistorrak bi aste barru merkaturatzea espero dutela. 

Kalitate zigilua lortzeko asmoa sektorearen aspaldiko helburua zela ere azaldu du arbizuarrak: ″2006. urtean enpresa ekoizleak eta Nafarroako Harakinen Gremioa produktuaren kalitate-marka bat sortzen saiatu ginen lehen aldiz, baina ez zuten aurrera egin″. Gaineratu duenez, 2009. urteaz geroztik, Gremioa Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean aritu da bertako produktu hori aintzatesten eta garatzen lagundu duten azterlanak egiten. 2019an, Intia sozietate publikoaren eskutik, sektoreak hasitako prozesuari ekin zion berriro, eta elkartea berriro aktibatu zen. Txistorra egiten duten Nafarroako enpresa nagusiek eta Gremiok berak osatzen dute elkartea, harategien ordezkari gisa.

1,5 milioi kilo baino gehiago 
Elkarteko zortzi enpresen artean 2021ean 1,3 milioi kilo txistor ekoiztu zituzten. Harategien bidez, berriz, 250.000 kilo inguru saldu ziren.