Asteburuan hasi zen Lau eta Erdiko Eusko Label Txapelketa. Final zortzirenak jokatu ziren, eta partida hauetako irabazleak sailkatu dira asteburuan hasiko den final laurdenen ligaxkarako. Joseba Ezkurdia Galarraga arbizuarra, talde burua denez, final laurdenetan sartuko da lehian.
Lau eta Erdia hastear dago eta sasoi betean iritsi zara txapelketara. Gogotsu al zaude?
Oso. Hilabete pasatxo daramat lau eta erdia entrenatzen, fisikoki entrenamendu gogorrak egiten. Berehala gogortasun hori pixka bat jaisten hasiko naiz, txapelketara puntu-puntuan heltzeko. Sentsazio onekin nago, gustura. Entrenamendu onak egiten ari naiz eta ea kaiolara une onean iristen naizen.
Mariezkurrenarekin batera udako izarretako bat zara. Jokatu dituzun hiru finalak irabazi dituzu: Gasteizkoa Zabaletarekin, eta Donostiako Hiria eta Caixabank Mastersa Mariezkurrenarekin.
Udako hiru torneo horiek irabazteaz gain, Sanferminetako Lau eta Erdia ere lortu nuen. Zer esango dut, udan lau titulu irabazita oso pozik nagoela, uda bikaina izan dela. Gustura sentitzen naiz, eta ea horrela jarraitzen dugun.
Mariezkurrenarekin oso ongi elkar ulertzen duzue.
Bai, hala da. Jonekin jokatzea gozamena da, sekulako potentzia dauka. Udan jokatu dituen sei finaletatik bost irabazi ditu eta sasoi bikainean dago. Ikaragarri. Igandean, CaixaBank Masterseko finalean hasieran pixka bat azeleratuta ibili ginen, txapela irabazi nahi horrekin akats gehiegitxo egiten, baina ez genuen konfiantza galdu, bagenekielako gu ari ginela erritmoa jartzen eta gu ginela kantxan agintzen genuenak. Bukaeran 22 eta 15 irabazi genien Altunari eta Imazi, eta egindakoarekin eta Nafarroa Arenan zegoen giro bikainarekin oso gustura nago.
Lau eta Erdiko egungo txapeldun Altuna da hastear den kaiolako txapelketako faborito nagusia, hiru txapelekin. Zu, bi txapelekin, eta Laso zarete beste faboritoak.
Hemen pilotari guztiek asko jokatzen dute. Nik argi dudana da Lau eta Erdiko txapelaren lehia horretan aritu nahi dudala eta final hori jokatu nahi dudala. Une honetan gozatzen ari naiz, tantoak erraz amaituz, eta horri eutsi nahi diot. Dudan guztia emango dut Lau eta Erdian aurrera egin eta finalerako sailkatzeko.