Txistor eguzkiloreak Arbizuko kanpinari eman zion saria

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 10a, 14:30

Epaimahaiak sei pintxoren artean Arbizuko Kanpinekoa hautatu zuen. Txistor inguruan Arbizun antolatutako egunean 2.200 pintxo inguru dastatu ziren eta jendetza bildu zen

Eguraldi bikainak animatuta, jende ugari bildu zuen Arbizuko Udalak antolatutako 12. Txistor Egunak. Goizean goiz hasi zen mugimendua, Nafarroako Trikitixa Eskolen arteko jaialdian parte hartu zuten 90 trikitilari inguruk ederki alaitu zutena.

Aurten inoiz baino postu gehiago zeuden, 49 guztira, eta denetariko artisau produktuen artean txistorrak ez zuen huts egin. Aurten Embutidos Arbizu, Flores eta Laketek emandako 130 kilo txistorrekin prestatutako 2.200 pintxo inguru dastatu ziren, ardoarekin batera 2 euroko prezioan saldu zirenak. Bitartean, pintxo lehiaketan aurkeztutako sei pintxoak dastatzen aritu zen pintxo lehiaketako epaimahaia. Alhambra jatetxeko Javier Diaz sukaldariak, Enekorri jatetxeko Fernando Floresek, Intia-Reyno Gourmeteko Maria Jose Solak, Izar-Ondo jatetxeko Nerea Caballék eta Kamen Jakak osatu zuten epai-mahaia. Saria Arbizuko Kanpinak jaso zuen, Patricia eta Zahara sukaldariek prestatutako "Nafarroatik Mundura" pintxoarekin, eguzkilore itxura zuen alkatxofa, arrautz eta txistor pintxoak. Bigarren saria Burlatako Euskalerria elkarteko Berta Arizkunek eta Alberto Ericek jaso zuten, eta hirugarrena Iban Maizak. "Inoiz baino gehiago kosta egin zaigu pintxo irabazlea erabakitzea. Izugarri gustatu zaizkit, pintxo horien atzean teknika eta sormen handia dago" nabarmendu zuen Alhambrako Javier Diazek.

Trikitilariekin batera, Sakana Kantuz taldeko kantariek giroa goxatu zuten. Aurten prestatutako argazki zahar eta berrien erakusketak bildutakoen arreta piztu zuen, baita ehoziri-lanetan eta txistorra egiteko lanetan aritu ziren emakumeek ere. Festa giroak arratsaldean jarraitu zuen, Nafarroako Trikitixa Eskolen arteko jaialdiarekin eta Xaiborren disko festarekin.