Pilota

Ezkurdia lehian sartuko da

Guaixe 2022ko urr. 14a, 10:40

Arbizuarrak Lau eta Erdiko final laurdenetako lehen jardunaldia du jokoan gaur

Lau eta Erdiko Txapelketan aurreko asteburuan final zortzirenak jokatu ziren eta Peña II.ak, Dariok, Elezkano II.ak eta Elordik egin zuten aurrera. Final laurdenetako ligaxkan lau taldeburuak dituzte zain, Joseba Ezkurdia tartean. Final laurdenetako lehen jardunaldia dago jokoan eta Ezkurdiak Elordi izango du aurkari gaur, ostirala, Beasainen. 

Ezkurdia da faborito nagusia, zalantzarik gabe, baina Elordi Jaka bidean uztetik dator eta sorpresa emateko prest dago. 

Promesetan lehen puntua du Bakaikoak
Promesen Lau eta Erdian aurreko asteburuan hasi zen txapelketa, final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldiarekin. Egungo txapeldun Joanes Bakaikoa etxarriarrak Zabala izan zuen aurkari aurreko ostiralean Atarrabian, eta partida gogorra azkenean Bakaikoaren alde erori zen, 22 eta 19. Bigarren jardunaldian Bakaikoak Exposito izango du aurkari, astelehenean, Tolosan.