Pilota

Elordiren ezustekoa

Guaixe 2022ko urr. 17a, 11:20

Ezkurdia haserre, eta Elordi tantoa ospatzen. JAVI COLMENERO

Lau eta Erdiko final laurdenetako lehen jardunaldian Joseba Ezkurdiari irabazi zion, lotsagabe jokatuz

Joseba Ezkurdia gogotsu, ongi entrenatuta eta primerako sentsazioekin iritsi da Lau eta Erdiko Txapelketara. Final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian Aitor Elordiri zuen aurkari, eta arbizuarra zen partida irabazteko faborito nagusia. Baina hara non pilotari bizkaitarrak sorpresa eman eta urreko puntua lortu duen, ostiralean Beasainen 17 eta 22 irabazita. Batzuetan pronostikoek huts egiten dutelako. 

Elordi presiorik gabe atera zen kantxara, eta horrek arriskutsu bilakatu zuen. 3 eta 6 aurreratu zen, baina Ezkurdiak sei tantoko takada egin zuen eta 9 eta 6 aurreratu zen. Partidak bere horretan jarraitu zuen, baina Elordik hortzak estutu eta arriskatzea erabaki zuen. Pilota ongi mugitu zuen eta Ezkurdia bere onetik atera zuen, erremate ikusgarriei esker 12 eta 18 aurreratu baitzen. 

Ezkurdiak sakea berreskuratu zuen, baina ez zuen behar bezala probestu eta Elordik bere horretan jarraitu zuen, sufritzen eta arriskatzen. Gainera, gauzak oso ongi atera zitzaizkion, hori ere esan beharra dago. Azkenean, bi aldiz kaiolako txapelduna den Ezkurdia jokoz kanpo utzi zuen, 22 eta 17 irabazita. 

Lau eta Erdiko final laurdenetako lehen jardunaldiko beste partidetan Peio Etxeberriak 17 eta 22 hartu zuen mendean Dario, Lasok 22 eta 7 irabazi zion Elezkano II.ari, eta Altuna 22 eta 16 gailendu zitzaion zaintiratua izan zuen Peña II.ari. 

Bigarren jardunaldian Dariok Peña izango du aurkari, Altuna III.ak Peio Etxeberria, Lasok Elordi eta Ezkurdiak Elezkano II.a, larunbatean Labriten jokatuko den partidan.