Sakanako Garapen Agentziak (SGA) Larreen eta bertako baliabideen aprobetxamendua laborantza iraunkor baterako ikastaroa antolatu du urriaren 27rako, osteguna, eta 28rako, ostirala. Ikastaroa 09:00etatik 13:00etara izanen da, Utzuganen, Sakanako Garapen Agentziaren Arbizuko egoitzan. SGAko elikadura teknikari Nerea Viana Zugadik azaldu duenez, "jardunaldi horien helburua abeltzainei edota herritarrei bertako baliabideen erabilerari buruzko ezagutza eta tresnak ematea da". Bertako baliabideak "zorua, larreak, eta abar" direla adierazi du Vianak. Teknikariak zehaztu duenez, helburua da "abeltzainen ekoizpenean parte hartzen duten kanpoko elementuen multzoa gutxitzea. Horrela, abeltzainek ustiategietan aurrezteko eta kanpo dependentzia gutxitzeko". Ikastaroan ikasitakoarekin "aurrean ditugun erronkei hobeto erantzuteko" aukera izanen dutela uste du Vianak. Eta erronka horiek zein diren ere zehaztu ditu: klima aldaketa, lehorteak/suteak/lurraren agortzea, erregaien eta energiaren garestitzea, prezioen ezegonkortasuna…
Ikastaroa Sustraiak Habitat Design-eko kideek emanen dute eta zortzi orduko iraupena izanen du, bi goizetan banatuta. Osteguneko saioak Lurzoru bizien garrantzia izenburua du. Vianak argitu duenez, egun horretan, "gure lurzoruak zaintzearen eta mantentzearen garrantziaz eta bioongarriez ikasteko aukera izanen da. Horrekin batera, keyline diseinu hidrologikoaren bidez lurzoruaren higadura nola ekin ikasiko dugu". Aldi berean, "emankortasunaren hainbat parametro ezagutzeko landa-praktikak eginen dira. Besteak beste, pH-a, kareharrizko eduki aktiboa, egitura, jarduera mikrobiologikoa, burdina, eta abar ikasteko aukera izanen da. Eta, bukatzeko, lurzoruan dauden landareak aztertuko dira, eta horiek zer adierazten duten ikasi".
Ostiraleko saioak Birsortze maneiua izenburua du eta hartan "ekoizpena dibertsifikatzeko aukera ematen diguten nekazaritza eta baso sistemak aztertuko dira. Horrekin batera, "nekazaritza sistema estentsibo eta biointentsiboak, birsorkuntzako abeltzaintza maneiu motak eta ongarritze zikloen ixtea ikasiko dira". Arruazuko angioa bisitatuko dute, "berreskurapena eta hainbat maneiu ezagutzeko".
Izen ematea
Hots egin 672 688 591 telefono zenbakira edo idatzi nviana@sakanagaratzen.com posta elektroniko helbidera.