Pilota

Ezkurdiak Lasorekin du jokoan finalerdietara sailkatzea

Guaixe 2022ko urr. 24a, 10:30

Ezkurdia eta Elezkano, jokoan. ARTXIBOA

Lau eta Erdiko final laurdenetako bigarren jardunaldian Ezkurdiak Elezkanori irabazi eta gero, Lasoren kontrako partidak erabakiko du nork eginen duen aurrera

Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian, Joseba Ezkurdiak Danel Elezkanoren kontra jokatu zuen larunbatean Tafallan. Lehen jardunaldian Elordiren kontra galdu eta gero, Elezkanoren kontrako partida irabaztera derrigortuta zegoen Ezkurdia, eta aurrelari arbizuarrak zuen huts egin, 22 eta 12 irabazi baitzion Elezkanori, ongi jokatuz eta Lau eta Erdian bizirik jarraitzeko beharrezkoa zuen puntua lortuaz. 

Elordik sorpresa ematen jarraitu zuen, lehen jardunaldian Ezkurdiari irabazi eta gero, larunbatean Lasori 18 eta 22 irabazi baitzion. Horrela, zuzenean sailkatu da Lau eta Erdiko finalerdietara. Elezkanok, punturik gabe, ez du aurrera egiteko inolako aukerarik eta larunbatean Ezkurdiak eta Lasok Labriten jokatuko duten final laurdenetako ligaxkako hirugarren jardunaldiko partidak erabakiko du bietako nor sailkatuko den finalerdietara. 

Beste adarrean, Peio Etxeberria finalerdietarako sailkatuta dago eta igandean Altuna III.ak eta Dariok jokatuko duten partidatik aterako da beste pilotaria.