Pilota

Ezkurdia vs Laso, kaiolako desafio handia

Guaixe 2022ko urr. 28a, 11:00

Ezkurdia eta Laso, astearteko material aukeraketan.

Ezkurdiak eta Lasok larunbatean Labriten jokatuko duten partidak ikusmin handia piztu du, Lau eta Erdiko finalerdietara bietako nor pasako den baitago jokoan

Lau eta Erdiko Txapelketa zeresan handia ematen ari dela ezin da ukatu. Aitor Elordi kiniela oso gutxietan agertzen zen, baina pilotari bizkaitarrak meritu handiz lortu du finalerdietara sailkatzea, Joseba Ezkurdia eta Unai Laso faboritoak bidean utzita. Balentria itzela.

B multzoan finalerdietara sailkatuko den beste pilotaria Ezkurdiak eta Lasok larunbatean Labriten jokatuko duten partidatik aterako da. Bi oilar, mokoka, desafio itzelean. Ezkurdiak lau eta erdiko bi txapela ditu eta espezialista handia da, eta Lasok lau eta erdian ez du txapelik baina arerio gogorra da. Jakina, partidak katedraren ikusmina lortu du, guztiz, final baten kutsua baitu. Labrit leporaino bete egingo da –astelehenerako salduta zeuden sarrera guztiak– eta final handien giroa espero da. Dirua parean aterako da, Lasoren aldeko tendentzia laburrarekin. 

Asteartean egin zuten material aukeraketan bi pilotariek elkarri loreak bota zizkieten. Lasorendako Ezkurdia da faborito, “Lau eta Erdian elkarren kontra jokatu ditugun hiru partidak irabazi dizkidalako”. Ezkurdiak ez du berdin ikusten, “Buruz Buruko finala irabazi zidan, partida garrantzitsua irabazi ninduen”. 

Materialaren aldetik, ez zen arazorik izan. “Lau pilotak antzekoak dira eta zalantzan nengoen bi pilotak berak aukeratu ditu” azaldu zuen Lasok. 

Altuna edo Dario
A multzoan Peio Etxeberria finalerdietarako sailkatuta dago eta beste pilotaria igandean Altuna III.ak eta Dariok Tolosan jokatuko duten partidatik aterako da. Altuna da faborito nagusia, baina aurtengo sorpresak ikusita, nork daki?