Pilota

Ezkurdia Lasoren gainetik pasa zen

Guaixe 2022ko urr. 31a, 11:20
Ezkurdia, irabazi eta gero, hunkituta. ASPEPELOTA.eus

Arbizuarrak bere onetik atera zuen bizkarretarra eta 11 eta 22 irabazita finalerdietara sailkatu da. Larunbatean Peio Etxeberria izango du arerio

Labritek final handien itxura hartu zuen larunbatean. Ezkurdiak eta Lasok Lau eta Erdiko Txapelketan aurrera egitea zuten jokoan, finalerdietara sailkatzea, eta txartel preziatu horren borrokak aparteko ikusmina sortu zuen. Labrit leporaino bete zen eta giroa ere halakoa izan zen. Apustuak parean atera ziren, bi pilotari handien lehia espero baitzen. 

Joseba Ezkurdiarenak izan ziren lehen tantoak (0 eta 4). Arbizuarrak erritmo bizia ezarri zuen hasieratik, eta zezen baten moduan atera zen kantxara. Hala ere, Lasok ongi erantzun zuen eta partida paretsuago jarri zen (4 eta 5). Lehendabiziko tantoak oso gogorrak izan ziren eta nork eutsiko zuen hobe, gakoa izan zen. Ezkurdiak hobeki eutsi zion erritmoari eta sei tantoko takada egin zuen (5 eta 11). 

Ezkurdia ikusgarri aritu zen. Pilota bizi mugitu zuen eta Laso ezker-eskuin dantzan jarri zuen, bere onetik atereaz. Hala ere, Bizkarretakoak ez zuen etsi, eta bere pilota bat hartuta 9 eta 11ra arte gerturatu zen. Baina saketik falta egin zuen eta akatsak pilatzen hasi zen. Ezkurdiak ere zenbait akats egin zituen, tentsio handiaren erakusle, baina arbizuarrak aginte makila hartu zuen eta 9 tantoko takadari esker 10 eta 21-raino joan zen, sakea baliatuta, pilota bizi-bizi mugituz eta bere nagusitasuna agerian utziz. Laso, aldiz, guztiz deseroso ibili zen, bere onetik aterata. Azkenean 11 eta 22 irabazita finalerdietako txartela lortu zuen. 

“Txapelketa honetan estreinakoz gorputzak erantzun egin dit, eta horri esker joko azkarra egin ahal izan dut. Halako partidetan gozatze hutsa ez da gutxi, eta nik asko gozatu dut. Pilota bihurritzen ere ondo ibili naiz” azaldu zuen arbizuarrak. Laso, aldiz, burumakur zegoen. “Ez naiz ni neu izan tanto bakar batean ere. Ez dut ezer ongi egin; ea porrotak ikasteko balio didan” adierazi zuen.

Peio Etxeberria aurkari
Joseba Ezkurdiak Peio Etxeberria bere lagun minaren kontra jokatuko du Lau eta Erdiko finalerdia larunbatean Labrit pilotalekuan. Arbizuarra da faborito argia, baina ikusi behar. Baiko ordezkaririk gabe geratu da Lau eta Erdian, beste adarrean Elordik eta Altunak jokatuko baitute beste finalerdia, igandean Bilbon.