Pilota

Ezkurdia eta Etxeberria, azken pausoa

Maider Betelu Ganboa 2022ko aza. 4a, 12:00

Ezkurdia eta Etxeberria, aurretik jokatutako partidan.

Lau eta Erdiko finalerdietan Joseba Ezkurdiak Peio Etxeberria lagun mina du aurkari larunbatean Labriten. Arbizuarra da faborito, baina ez da fio

Lau eta Erdiko Txapelketa azken txanpara heldu da. Asteburuan finalerdiak jokatuko dira. Joseba Ezkurdiak Peio Etxeberria izango du aurkari eta Jokin Altunak Aitor Elordi. Katedrak argi du Ezkurdia eta Altuna direla faborito, baina Elordi sorpresa ematen jarraitzeko prest dago –final laurdenetako ligaxkan Ezkurdia eta Laso mendean hartu zituen– eta Ezkurdia ez da Peio Etxeberriarekin fio. Eta ongi egiten du du.

Ezkurdiak eta Etxeberriak asteazkenean aukeratu zuten materiala, Labriten. "Bere pilotak nireak baino gehiago gustatu zaizkit" azaldu zuen Etxeberriak. Hortaz, materialarekin ez dago kexarik. Biak lagun minak dira, Ezkurdiak Lasori final laurdena irabazi bezain pronto aitortu zuen bezala. "Bizitzak eman dizkidan lagunen artean, onenetako bat da Peio. Oso berezia izango da haren kontra jokatzea". Euren arteko harreman ona ere agerikoa izan zen pilota aukeraketan, baina nolabaiteko tentsioa ere antzematen zen. Izan ere, jokoan dagoena handia da oso, azaroaren 20an Bilbon Lau eta Erdiko finala jokatzea. Ezkurdiak bere hirugarren txapela lortu nahi du, eta bere lehen finala jokatu nahi du Etxeberriak.

Peio Etxeberria bigarrenez ariko da finalerdietan, eta horrek "mesede" egingo diola uste du, "badakidalako halako partida bat jokatzea zer den". Joseba jo zuen faborito, baina "lasai" dagoela aitortu zuen. "Galtzen badut, aurrera egingo dut; eta irabazten badut, sari ikaragarria lortuko dut. Eta saiatuko naiz lortzen. Joseba ikusgarri dago, baina nire jokoa egiten badut aukera izango dut. Ausart ariko naiz, eta partida gogortzen bada, borrokatuko naiz" nabarmendu zuen. 

Ezkurdiarendako "partida zaila izango da, gogorra eta bizia. Askotan entrenatu dugu elkarrekin eta oso ondo ezagutzen dugu elkar, baina hori albo batera utzi beharra dut. Nik nire jokoan zentratu beharra dut, eta ahalik eta hobekien aritu. Jokoan dagoena oso handia delako". Peio Etxeberriak "asko" jokatzen duela nabarmendu zuen, eta lau eta erdian nabarmentzen dela. "Pilotari osoa da, eta abiadura ematen dio pilotari eta defendatzen ere badaki". Hirutan jokatu dute elkarren kontra, hirutan arbizuarra gailendu da, baina ez da fio, "partida oso estuak" izan direlako. "Gauzak oso ondo egin beharko ditut, saketik hasita".