Pilota

Finalera, meritu osoz

Guaixe 2022ko aza. 7a, 10:45

Joseba Ezkurdiak Lau eta Erdiko bere hirugarren finala jokatuko du. ASPE

Joseba Ezkurdia ikusgarriak Peio Etxeberria arriskutsua menderatzea lortu zuen 

Ikusgarria izan zen Joseba Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak larunbatean leporaino beteta zegoen Labriten jokatu zuten Lau eta Erdiko lehen finalerdia. Katedrak Ezkurdia jotzen zuen faborito eta dirua bere alde atera zen, baina Peio Etxeberriak ez zizkion gauzak batere erraztu bere lagun mina duen Ezkurdiari eta partida estu eta gogorra jokatu zuten biok. Azkenean, Joseba Ezkurdiak sasoi bikainean dagoela erakutsi zuen, Etxeberriak gaiztoki alde batetik bestera bidali zizkion pilota guztietara iritsi zelako, eta 22 eta 14 irabazita, final handirako sailkatu da. 

Tantoak gogorrak izan ziren hasieratik. Ezkurdiak hasiera ikusgarria izan zuen, 4 eta 0 jarri baitzen aurretik, bizi-bizi jokatuz. Etxeberriak eusten jakin zuen, eta 8 eta 3 hurbiltzea lortu zuen, baina zabalean Ezkurdiak min egiten jarraitzen zuen. 9 eta 4 aurreratu zen aurrelari arbizuarra eta Etxeberriak partida eten egin zuen. Zenozkoak argi zuen arriskatu beharra zuela, eta aurrerago jokatzen hasi zen, Ezkurdiari min handiago egiteko. Sei tanto egin zituen segidan, horietako bat sakez. 11 eta 10. Ezkurdiak partida eten egin zuen. Bi-pareta kanpora joan zitzaion Etxeberriari, eta Ezkurdiaren hamahirugarren tantoa ikusgarria izan zen. Partidak bizi jarraitu zuen eta zabaleran Ezkurdiak agindu zuen. Arbizuarrak sakez bi tanto egin zituen segidan eta 16 eta 10 joan zen markagailuan. Fisikoki sekulako mailan dagoela erakutsi zuen Ezkurdiak, eta, azkenean, garaipen sendoa lortu zuen, 22 eta 14. 

Finalera sailkatu izanagatik “pozik” zegoen arbizuarra. “Urtetik urtera gero eta zailagoa da finaletarako sailkatzea, baina sufrituta eta neure buruari gogor eginda, lortu dut oraingo honetan. Sakean eta zabaleran asmatu egin dut eta Peiok baino opari gutxiago egin ditut. Hori izan da gakoa. Eta hirugarrenean txapela jantzi dezakedan” aitortu zuen. 

Joseba Ezkurdiak azaroaren 20an jokatuko du finala, igandean Elordiri 22 eta 7 irabazi zion Jokin Altunaren kontra.