Udalak bost lanpostu betetzeko deialdia egin du

Guaixe 2022ko aza. 9a, 11:14

Arbizuko kiroldegia. ARTXIBOA

Administrazioan aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, kiroldegiko  lanpostuak betetzeko merezimendu lehiaketarako deialdia egin du udalak.

Europatik ohartarazpena jaso ondoren, Espainiako Gobernuak Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak onartu izan zituen eta, ondorioz, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu berezia sortu da. Horren barruan Arbizuko Udalak kiroldegiko bost lanpostu betetzeko deialdia egin du. 

Batetik, sorosle eta kirol kudeatzaile lanpostua dago, B mailakoa eta %100 lanaldia duena. Hartara aurkeztu nahi dutenek unibertsitate ikasketak edo hirugarren mailako Lanbide Heziketako titutulua izan beharko dute, baita sorospeneko titulazioa ere. Gainera euskarazko C1 titulua edo baliokidea eskatu du udalak. Bestetik, sorosle eta igeriketa begirale lanpostua dago, D mailakoa dena eta lanaldi erdikoa. Haietan interesa dutenek Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo baliokidea izan behar dute gutxienez. Gainera, sorospen titulazioa izatea eta euskarazko B2 maila egiaztatzea eskatzen da. 

Horietaz aparte, Arbizuko udalak bi igeriketa begirale kontratatuko ditu egin duen deialdiaren bidez. Biak ere D mailako langileak izanen dira, baina baten lanaldia %40,85ekoa izanen da eta bestearena %30,98koa. Bi lanpostu horietarako eskatzen den gutxieneko ikasketa Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo baliokidea da. Azkenik, Yoga irakaslea ere kontratatu nahi du Arbizuko Udalak. D mailako lanpostua da eta %3,17ko lanaldia du. Aurrekoei bezala, lanpostu horretarako ere hautagaiei eskatzen zaien gutxieneko ikasketak Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo baliokidea da. Azken hiru lanpostuek euskarazko B2 profila dute.

Merezimendu lehiaketara aurkeztu nahi dutenek eskabideak hilaren 15era arte aurkez ditzakete Arbizuko Udaletxean. Deialdiari buruzko informazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 215. zenbakian, lastailaren 31koan, argitaratu zen.