Sasoi betean, bere kirol ibilbideko unerik onenean dago Joseba Ezkurdia Galarraga (Arbizu, 1991-04-22). Lau eta Erdiko Txapelketa gogorrean azkeneraino iritsita, igandean kaiolako bere hirugarren finala du jokoan Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Final klasikoa izango da, hiruretan arerio berbera baitu, Jokin Altuna Altuna (Amezketa, 1996-03-27). Partida estu eta gogorra aurreikusten da final handien giroa izango duen Bizkaian. Bere zazpigarren finala jokatuko du Ezkurdiak: Lau eta Erdiko hiru, Binakako bi eta Buruz Buruko bakarra.
Udako izarretako bat izanda, sasoi betean iritsi zinen Lau eta Erdiko Txapelketara. Baina sorpresa emanda final laurdenetako lehen partidan Aitor Elordik 17 eta 22 irabazi zizun.
Egia esan ez nuen Lau eta Erdiko Txapelketa ongi hasi. Edozein txapelketaren hasiera zaila izaten da, lehenengo partidako nerbioekin eta tentsioarekin zaila egiten baita. Elordik partida oso ona egin zuen; ez zuen ezer galtzeko eta halako partidatan erraz jokatzen da. Lehen zatian ongi jokatu nuen, baina bigarren zatian ez nuen asmatu. Ez nuen presio hori ongi kudeatzen jakin, eta Aitorrek merezita irabazi zidan. Partida bukatuta berehala esan nion anaiari hurrengo partida irabazi beharra nuela eta listo. Ez zegoen besterik.
Irabazi beharraren presio hori kudeatzea zaila izango da.
Txapelketa hau gogorra izan da presioagatik eta tentsioagatik bereziki. Final laurdenetako bigarren partida, Elezkanoren kontrakoa, jada hil ala bizikoa zen, eta baita atzetik etorri ziren beste biak ere, Lasoren eta Peio Etxeberriaren kontrakoak. Tentsio handiko txapelketa izan da eta aste gogorrak izan dira, partida zailak izan direlako.
Unai Lasoren kontrako partida mugarrietako bat izan zen. Nolabaiteko final aurreratua zen, pilotazaleen artean sekulako ikusmina piztu zuena. Horrek gehiago motibatu al zizun?
Partida jokatzeko gogo handia nuen: Labrit beteta, Lasoren kontra, eta sari handia, finalerdietan egotea. Banekien Elezkanoren kontra irabazi ondoren Lasoren kontra hobeki jokatuko nuela, arinago, eta hala izan zen. Txapelketako partidarik hoberena izan zen, gauzak oso ongi egin nituelako. Gustura, asebete geratu nintzen, maila oso ona eman nuelako eta sentsazio oso onekin jokatu nuelako. Partida garrantzitsua zen, baina gogotsu eta motibatuta nengoen.
"Txapelketa gogorra izan da, tentsioagatik bereziki. Bigarren partida jada hil hala bizikoa zen"
Partida hori irabazteak berrindartu zintuen?
Halako partidak irabaztea handia da; animo eta bulkada handia ematen dizute. Astea errazagoa izaten da irabazi ondotik. Galtzen duzunean aste txarra pasatzen duzu, zalantza gehiagorekin, baina partida hori irabazi izanak neure buruarengan gehiago sinesteko eta finalerdietara konfiantza gehiagorekin heltzeko hegalak eman zizkidan.
Finalerdian Peio Etxeberria izan zenuen arerio. Zu zinen faborito nagusia, baina errespetu handia zenion lagun minari, eta asmatu zenuen, hasieran ederki estutu zintuelako.
Bai, Peiok asko jokatzen du, eta lau eta erdian eroso sentitzen da. Abiadura handiarekin jokatzen du, Altunari irabazi egin zion eta errespetu handia sortzen du. Nahiz eta faboritoa izan, partida zaila zen. Erritmo handiko partida izan zen, baina gauzak ongi egin nituen, sentsazio onekin jokatu nuen eta egindakoarekin gustura geratu nintzen.
Finalerdian kantxaren alde batetik bestera ibili behar izan zinen Peio Etxeberriaren erasoetatik defendatzeko. Eta toki guztietara erraz iristen zinen. Gizon altua zara, handia, eta azkartasun hori ikusgarria izan zen.
Ongi sentitzen nintzen, konfiantzarekin, kantxan azkar ibili nintzen eta ongi defendatu nuen. Lau eta erdian ongi defendatzea oso garrantzitsua da, eta garrantzia handia ematen diot. Altua naizenez alderdi hori, desplazamenduena, gehiago entrenatu behar izan dut beti.
"Lasoren kontrako garaipenak neure buruan gehiago sinesteko hegalak eman zizkidan"
Zure kirol ibilbidearen gorenean zaudela esan daiteke, zure momentu onenetakoan. Egiten ari zaren txapelketa harritzeko modukoa da.
Zalantzarik gabe, nire unerik onenean nago. 31 urte ditut, baina uste dut bospasei urte maila gorenean jarrai dezakedala. Beraz, hobetzeko tartea ere badut. Gustura nago. Neure burua hobeki ezagutzen dut, esperientzia dut eta horrek arrastoa uzten du, garrantzitsua dena. Fisikoki ongi ikusten dut neure burua, buruz eta jokoz baita ere, eta nahiz eta hobetzeko gauzak izan –hobetzeko nahia izan behar dugu beti, bestela jai dugu– nire momenturik onenean sentitzen naiz, Buruz Buruko finalaren aurretik esan nuen bezala.
Mikel Idoate duela gutxi zurekin entrenatzen egon zen eta bera ere harrituta geratu zen duzun maila fisikoarekin. Entrenatzeko modua aldatu duzu?
Ez, azkeneko urteetan antzeko entrenatzen dugu. Zenbait ariketa aldatzen ditugu, baina denbora daramagu halako entrenamenduak egiten. Peio Etxeberriarekin lantzen dut fisikoa. Mikel gurekin entrenatzera etorri zen eta egun polita pasatu genuen. Entrenamendu zorrotzak dira, baina politak.
Maila pertsonalean ere ongi zaude? Guztiak batzen du?
Bai. Urte ezberdina eta arraroa izan da, baina ongi nago. Ingurune ona daukat horretarako: lasaitasuna, familia, lagunak, entrenatzen dugun tokia, Jokin Etxaniz, Jon Apezetxea... Oreka bat behar da eta aipatutako guztiak lagunduta oso urte ona egiten ari naiz. Maila ona eskatzen duen eta buruz exigentea izaten ari den urte honetan, gustura nago.
"Jokin Etxanizengatik ez balitz, ni ez nintzateke nagoen tokian egongo"
Aspeko Jokin Etxaniz zuzendari teknikoa eta Jon Apezetxea intendentea aipatu dituzu. Hitz politak dituzu beti eurendako.
Emaitzak hortxe daude, eta emaitza horien zati handi bat eurena da. Egiten duten lana ikaragarria da. Jokin egunero doa entrenamenduetara eta beti laguntzeko prest dago. Telefonoaren beste aldean dago beti, bai pilotaz eta baita pilotaz kanpo ditugun kezka, zalantza, edozein arazo entzuteko eta laguntzeko prest. Sekulako pertsona puska da, pertsona ona. Berarengatik ez balitz, ni ez nintzateke nagoen tokian egongo.
Buruz burukoa baino lehen esan zenuen aurretik sorbaldan eta belaunean oinazeak zenituela, baina Itziar Gonzalez de Arriba nutrizionistarekin lanean hasi zinela eta elikadura aldatu zenuenetik ez duzula oinazerik. Elikadura horren zorrotz zaintzen jarraitzen al duzu?
Duela urte eta erdi edo bi urte, pandemian, oinazeekin ari nintzen jokatzen. Bolea jotzen nuen aldiro sorbaldan sastada nabaritzen nuen, eta belauna arrastaka nuen. Bizkarrean ere mina. Partidak aguantatzen nituen, baina gero txikituta nengoen. Neure arreba fisioterapeuta da eta nutrizionistarekin hasi behar nintzela errepikatzen zidan. Kantxan ongi ez nengoenez, kasu egin nion. Elikadura goitik behera aldatu zidan, eta onura nabaritu nuen, oinazeak desagertu zirelako. Nik ere ezin nuen sinestu. Hasieran oso dieta zorrotza zen, garbiketa prozesu bat egin behar nuelako, baina ondoren elikadura moldatuz joan da. Udan lasaiago ibili nintzen, deskonektatu beharra dagoelako, baina abuztuaren erdialdetik aurrera berriro dietarekin hasi nintzen eta ongi.
Zein da zure elikaduraren oinarria?
Barazkiak jaten ditut gehien, brokolia bereziki. Hasieran, garbiketa prozesuan, kurkuma, jengibrea eta halako espezieak asko erabiltzen nituen. Hasieran ez nuen ez haragirik ezta arrainik jaten, baina orain bai. Haragi gorria astean zehar ez dut jaten, bakarrik asteburuan.
Jokin Altuna duzu arerio igandeko final handian. Aspaldiko ezaguna, final klasikoa izango da zuena. 2018an eta 2019an Lau eta Erdiko bi finalak irabazi zenizkion Altunari. Joan zen urtean finalerdietan irabazi zizun, eta bera izan zen txapelduna, Lasori irabazita. 2020an eta 2017an ere bera izan zen txapelduna, Jakari eta Urrutikoetxeari irabazita. Elkarren artean jokatu duzuenean zu gailendu zara gehiagotan. Nor da faborito?
Jokini bi final irabazteko aukera izan dut baina nik uste dut faboritoa bera dela. Kaiolan eman duen maila ikaragarria da: Lau eta Erdian zortzi txapelketa jokatu ditu, zazpi final jokatuko ditu jarraian, eta lau txapela ditu. Jokin kaiolan oso eroso sentitzen da, gauzak oso ongi egiten ditu eta badakit partida zaila dudala aurretik, baina nire maila ematen badut irabazteko aukera izango dut. Bi aldiz irabazi diot, zergatik ez hirugarrena?
"Niretako Altuna da faborito. Baina bi aldiz irabazi badiot, zergatik ez hirugarrena?"
Nola egiten zaio mina Altunari?
Opari gutxi eginez, sakea ongi aprobetxatuz eta Jokin kantxa erdialdean ahalik eta gehien mantenduz. Nik erritmoa jartzea eta agintzea, hori da garrantzitsuena, eta tantoak ongi bukatzea. Jokin bezalako pilotari handi baten kontra garrantzitsua da ongi errestatzea. Pilota kentzea, berak tantoa oso erraz bukatzen duelako. Erraza da zer egin behar den esatea, baina gero egitea beste kontu bat da (kar, kar). Azken finean, errestoa eta sakea ongi egitea eta erritmoa ezartzea.
Lasai zaude?
Bai, finala gerturatu ahala urduritasun puntua iritsiko da, bestela malo. Baina ongi nago. Bilbon hiru entrenamendu egingo ditut. Bizkaia frontoia gustuko al dudan? Hasieran ez nuen horren gogoko baina azkenaldian ongi jokatzen dut. Nik uste Jokinendako frontoi hobea dela niretako baino, erritmoa jartzen zailagoa baita, frontoi lasaiagoa. Niretako Iruñekoa hobea da.
Galdu edo irabazi, Arbizun ospatuko duzue?
Zalantzarik gabe. Beti esaten dut, baina egia da, final bat ez da egunero jokatzen, oso garesti daude. Frontoian afaria egiteko asmoa dugu, eta gustura bilduko gara. Festa eder bat izango da.
Irabaziz gero, non jarriko duzu txapela?
Ditudan txapelak –Lau eta Erdiko bi eta Binakako beste bi– nire etxera ekarri ditut, baina oraindik ez ditut kokatu. Toki nahikoa dago, txapelak toki gutxi behar baitu.
Finalaren aurretik zer egingo duzu deskonektatzeko?
Nerbioak ostegunetik aurrera hasiko dira. Ba filmen bat ikustera, edo Peio Etxeberriarekin norabait... ikusiko dut zer egin.
Sare sozialei adi egoten zara? Edo egunotan ez sartzen saiatzen zara?
Sartzen naiz baina ez naiz esandakoei buelta asko ematekoa. Debutatutakoan aipamenei, Twitterren esandakoei eta bestelakoei buelta ematen nien, baina orain jada ez. Ez dut horretan denborarik galtzen.
Ea beste txapela bat Sakanara ekartzen duzun.
Lau eta Erdiko hirugarren txapela lortzea handia litzateke, aitortu beharra dut. Dena emango dut, eta ikusiko dugu zer ateratzen den.