Pilota

Ezkurdia vs Altuna, hirugarrenez

Maider Betelu Ganboa 2022ko aza. 20a, 12:28
Ezkurdia eta Altuna, material aukeraketan. ASPEPELOTA.EUS

Elkarren arteko hirugarren Lau eta Erdiko finala jokatuko dute arbizuarrak eta amezketarrak. Aurreneko bietan, Nafarroa Arenan, Joseba Ezkurdia gailendu zen, 2018an eta 2019an. Bilbon, guztia prest dago aurtengo txapelduna nor izango den erabakitzeko

Bizkaia pilotalekuak final handien itxura hartu du Lau eta Erdiko Txapelketako finalerako. Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, distantzia laburreko bi espezialistek jokatuko dute final handia, sekulako txapelketa egin eta gero. Estatistikei erreparatuz, ondorio ezberdinak atera daitezke, baina argi dago partida borrokatu eta gogor baten aurrean gaudela , tentsioak are gehiago estutuko duen final klasikoan.

Joseba Ezkurdiak Altuna jotzen du faborito. Argi du. "Lau eta Erdian bere zazpigarren finalajokatuko du jarraian, eta lau txapela ditu. Jokin kaiolan oso eroso sentitzen da, gauzak oso ongi egiten ditu" dio arbizuarrak. Joan zen urtean, Altunak Ezkurdia txapelketatik kanpo utzi zuen finalerdietan. Baina elkarren kontra jokatu dituzten bi finaletan, 2018an eta 2019an, Joseba Ezkurdiak irabazi zuen. "Jokin lortzen ari dena ikusgarria da, baina gauzak zailduko dizkiot. Nire maila ematen badut, irabazteko aukera izango dut. Bi aldiz irabazi diot, zergatik ez hirugarrena?" dio arbizuarrak, finala iristeko "oso gogotsu, motibatuta eta sentsazio onekin" dagoela gaineratuz.

Jokin Altunaren iritziz, Ezkurdiari irabazteko "lan handia" egin beharko du. "Sakea ezinbestekoa izango da. Josebak nola sakatzen duen ikusita, min handia egin dezakeela jakina da. Lehen sakeak jada kezkatzen nau" azaldu du.

Biak kontentu daude materialarekin. Ezkurdiarenak biziagoak, irteera gehiagorekin. "Bereak mantsoagoak dira, baina onak" dio arbizuarrak.

Guztia dago prest, beraz, final handirako. Biak dena ematera aterako dira. "Atzean lan asko dago, finala ikustera datorren jende asko, eta txapela lortzera aterako naiz" dio Altunak. Ezkurdiarendako "helburua txapela hau irabaztea da. Ematen ari naizen mailarekin harro nago. Onenen artean egoteko lan handia egin dut". Bizkaiak erabakiko du.