Final handietako giroa lehertzea kosta egin zen atzo Bilboko Miribillako frontoian, baina behin hasita, sekulakoa izan zen. Lau eta Erdiko final handia zoragarria izan zelako, pilotazaleak guztiz ase zituena. Sekulakoa, pasada, itzela, mundiala… halako adjektiboak eta askoz ere gehiago entzun zitezkeen katedraren eta kazetarien artean. Halakoa izan zelako.
Katedrak Altuna jotzen zuen faborito. Dirua bere alde atera zen, ehun laurogeira, partida hasi baino lehen. Baina Ezkurdiak hasieratik erakutsi zuen kaiolako bere hirugarren txapela nahi zuela eta Rufino Satrustegi artekariak partida bukaeran aitortu zuen moduan, “hasieratik apustu mugimendu handia” egon zen.
Bi titan
Lehen zatian fisikoki Ezkurdia hobeto aritu zen. Hori zen sentsazioa. Altunari nekatu antza sumatzen zitzaion, eta hirugarren tantorako etena eskatu eta aldageletara sartzea ez zen seinale ona izan. Ezkurdia sendo aritu zen, konfiantzaz. Egindako akatsen ondoren ere, lasai. Aldea atera zuen, baina Altuna gertu zuela. Amezketako aztiari ezin zion aukerarik ñimiñoena eman, aukerarik txikiena ere bikain probesten zuelako. Eta antzeko Ezkurdiak. Partida estu, gogor, eta tentsio handikoa izan zen. Arbizuarra 6 eta 3 aurreratu zen, baina seina berdindu zuen Altunak; 10 eta 8 aurreratu zen Ezkurdia, baina 11ra berdindu zuen Altunak. Pilotazaleak, gustura. Partida erdialdeko atsedenaldira 12 eta 11 aurreratuta iritsi zen Ezkurdia.
Bigarren zatian Altunaren jokoak hobera egin zuen, eta partidan bigarrenez aurreratzea lortu zuen, 13 eta 15, baina Ezkurdiak ez zion ihes egiten utzi eta 15era berdindu zuen. Arbizuarra aurreratu zen, baina partidako pasa bakarra eginda, 16ra berdindu zuen Altunak. Katedra, txoratuta, bi pilotarien lana txalotu eta txalotu. Berriro aldea atera zuen amezketarrak, 16 eta 19, sake eta errematez. Baina Ezkurdiak ez zuen etsi, inondik inora, eta gantxo ikusgarri bati esker, sakez egindako tantoari esker eta Altunari txapara joan zitzaion pilotari esker 19ra berdintzea lortu zuen. Lehertu egin zen Bizkaia eta partida are gehiago gogortu zen. Tarte horretan bi pilotariek zenbait akats egin zituzten, Ezkurdiari 21 eta 20 aurreratuta zegoenean txapara joan zitzaion pilotakada, esaterako.
Hiru txapelen klubean
21 eta 21 berdinduta, inork gutxi espero zuen partida tanto bakarrak erabakiko zuela, eta hala izan zen. Tentsioa irensten zen. Altunak sakatu, Ezkurdiak ongi erantzun, eta bi titanen arteko lehia hasi zen berriz. Altunak Ezkurdiak zabaletik gurutzatutako pilota ez zuen ongi erantzun eta txapan jo zuen, bete-betean. 22 eta 21 irabazita, merezimendu osoz, Ezkurdia izan zen Lau eta Erdiko txapelduna. Partida bukaeran aitortu zuenez, azken tantoaren txaparen hotsa “inoiz baino ozenago” entzun zuen. Kaiolako bere hirugarren txapela lortu du arbizuarrak, Altunaren, Martinez de Irujoren eta Jorge Nagoreren kopurua berdinduz. Retegik lau ditu eta Olaizola urrun dago, lau eta erdiko zazpi txapela baititu.
Partidarik “gogorrena”
Arbizuarrak final “oso gogorra” izan zela aitortu du, fisikoki eta mentalki jokatu duen partida gogorrenetako bat, “baina ongi errekuperatzen nuen eta horrek sekulako konfiantza eman dit”. Pozik dago Ezkurdia, oso pozik, denboraldiari ginga jarri diolako. Txapelak “zapore berezia” duela aitortu zuen eta publikoari egon den giro “zoragarria” eskertu zion. Bere une onenean dagoela berretsi zuen eta Arbizura joateko irrikaz zegoen, txapela behar bezala ospatzeko. Harrera beroa egin zioten herritarrek, eta elkartean afaria eta festa ederra zuten aurretik.
Altuna, aldiz, jota zegoen. “Tristuraz eta penaz noa etxera. Ez zait gustatzen aitzakiak bilatzea. Bera gehiago izan da, zoriondu besterik ez dago eta gozatu dezala. Merezi du, langile aparta da, pilotari ikaragarria. 31 urterekin lortu du txapela eta nik 27 urte dauzkat. Beste batean izango da” azaldu zuen. Finala xehetasunengatik erabaki zela gaineratu zuen, eta lehen zatian ez zela horren fin ibili. “Josebak alde batetik bestera ibili nau, eta nahiz eta bigarren zatian hobeto aritu, lehen zatiko neke horrek ere bigarrenean eragina izan du” azaldu du. Biek ere paliza handia hartu zutela nabarmendu zuen, eta berarendako ere jokatu duen partidarik gogorrenetakoa izan dela. “Bukaeran edonork irabazi zezakeen eta Joseba izan da. Zoriontzea, ez dago besterik. Orain, aurrera egin beharra dago” azaldu zuen.
Datuek partidaren gogortasuna eta bi finalisten parekotasuna erakusten dute: ia 400 pilotakada gurutzatu ziren 75 minututan, bi tanto sakez, eta pasa bakarra, Ezkurdiak egin zuena. Eta pilotari bakoitzak bost akats egin zituen.
2.668 ikusle, hausnartzeko
Bestalde, aipatzekoa da finalerako ikusmina handia zela baina ez dela frontoia bete. Kantxako toki dezente hutsik gelditu ziren, eta final handia zela kontuan hartuta, askotxo da. Sarrerak 120 euroko prezioan, hausnarketa egin beharko dute EPEL-en.