Gora Gora Fest! Arbizun

Guaixe 2022ko aza. 22a, 10:04

Azaroaren 27an, igandea, 'Historiko nago!' ikuskizuna izanen da Arbizun, Nafarroako Gobernuk Euskararen egunaren harira antolatutako egitarauaren barruan. 

Bigarren urtez Nafarroako Gobernuko Euskarabideak Gora Gora Fest zikloa antolatu du abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Azaroaren 4tik abenduaren 11ra arte musika ikuskizunak, bakarrizketak, ipuin kontaketa antzeztuak, zirko ikuskizunak eta antzerkiak izanen dira Nafarroako 50 herritan, tartean Arbizu; azaroaren 27an, igandea, 17:00etan, Historiko nago! ipuin antzeztua izanen da, Ludotekan. 

Zikloak Nafarroko herri txikietara heltzea izan du helburu, euskara eta euskarazko kultur ekimenak gozatzeko aukera gutxiagu duten eskualde eta plaza txikietara eramatea. Emanaldi guztiak doan izanen dira. Zikloaren programa osoa tdiferencia.com webgunean kontsulta daiteke. 

Gora Gora Fest! programaren barruan Xabier Artieda etxarriarrak Algara ikuskizuna eginen du Corellan, Buñuelen, Castejonen, Faltzesen eta Alesbesen.