Heldu den lastailerako atzera kontua martxan dute Andra Mari ikastolan. Aurretik lan handia dute, baina zer egin nahi duten azaltzeko sakandarrei aurkezpena egitea ezinbesteko jo zuten Nafarroa Oinez 2023ko arduradunek. Eta kiroldegira gerturatu ziren sakandarrek ilusioz bete zuten eraikina. Ekitaldian 2023ko Nafarroa Oinezen leloa, hotsein!, eta logotipoa, bozgorailua, izan ziren protagonista nagusiak.
Larunbatean egindako ekitaldia adarra, txalaparta eta irrintzi hotsekin hasi zen. Ekitaldiko gidariak festa giroa eman zioten hitzorduari hasieratik. Haiek gidatutako dantzak, ikasleen koreografiak eta beste izan ziren. Aiton-amonak ilobekin batera desfilatu zuten. Batzuek eta besteek arropa erakutsi zuten bitartean, txikiek helduei lore bana oparitu zieten. Guztia akordeoi eta biolin soinuz girotuta, une hunkigarria izan zen. Baina haiek ez ziren izan Material Batzordeak antolatutako desfilean parte hartu zuten bakarrak. Izan ere, ikastolako haur eta familiez aparte, Sakanako hainbat eragilek desfilatu dute, Nafarroa Oinezi babesa emateko asmoz. Guztira 200en bat pertsona izan ziren modelo lanak egin zutenak. Ohiko arropa zuriez eta beltzez gain, Sakanako basoko kolore biziak nabarmentzen dira Oinez bilduman: berdeak, gorrixkak, horixkak, laranjak... Beste osagarri erabilgarri batzuk ere osatzen dute, bestalde, bilduma: poltsak, bizkar-zorroak, euritakoak, botilak...
Adierazpenak
Ekitaldiko gidarien aterkipean hartu zuen hitza lehenik Iñigo Orella Alzueta ikastolako zuzendariak. Esan zuenez, “Nafarroa Oinez betiko gogoan gordetzen dugun festa” dela, eta gogorarazi zuen euskararen etorkizunarendako zein garrantzitsuak diren euskararen arnasguneak. Nabarmendu zuenez, “balio izugarria duen zerbait daukagula Sakanaren bihotz-bihotzean: euskara bizia, anitza, eta aberatsa”. Bestalde, Ikastolen hezkuntza proiektuaren izaeraz ere hitz egin zuen, “eredu inklusiboa, parte hartzailea eta kooperatiboa” baita.
Ondoren, Izaskun Errazkin Beltza, ikastolako lehendakariordeak, belaunaldien arteko loturaz aritu zen. Gogora ekarri zuen Andra Mari Ikastola 1969an jaio zela 12 ikaslerekin, eta gaur egun 409 ikasle dituela, 247 familia, eta 56 langile. Errazkinek esan zuenez, “belaunaldiz belaunaldi jende anitzek egindako ahaleginari esker, hasieran sortzaileek landatu zuten zuhaitza gaur egun baso bat dela”. Gaineratu zuenez, “ikastola gurasoengandik jasotako altxorra da, seme-alabei transmititu nahi izen diena”. Hitza hartu bai, baina zeremonia maisuekin dantza ere egin zuten Orellak eta Errazkinek.