Babestutako edukia

"Esperientzia hoberena eman nahi dugu"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko abe. 20a, 13:52

Joseba Alzueta eta Jon Echaide, Padel Sakanako kudeatzaileak. UTZITAKOA

Bi padel pistaz osatutako instalazioa ireki dute Arbizuko Utzubar industrialdeko 3 zenbakian: Sakana Padeleko Joseba Alzueta kudeatzaileetako bat da, Jon Echaiderekin batera.

Kalitate handiko pistak izatea izan da haien lehentasuna

1. Jon eta Joseba. Iruñetik eta Zangozatik etorri zarete. Nortzuk zarete?
Jonekin hasiko naiz: futbolari profesionala da. Osasunan eta Huescan jokatu zuen, kirolzalea eta ekintzailea. Badauka arropa marka baten enpresa bat ere. Nire kasuan esango nuke kirol arloan korrikalaria naizela. Distantzia handiko korrikalaria naiz eta erronkak egitea gustatzen zait. Saharar herriari korrikaren bidez laguntzea gustatzen zait. GKE batean bazkidea naiz eta ahal dudan heinean laguntzen dut. Edozein kirol gustatzen zait ere, horregatik sartu gara proiektu honetan.

2. Zergatik Sakana Padel?
Kirolzaleak gara, eta zer edo zer ireki nahi genuen. Padela Nafarroan zein estatuan oso arrakastatsua dela ikusi dugu, eta pentsatu genuen Sakanan jendea oso kirolzalea denez, oso ideia polita izango litzatekeela ibarrean irekitzea. Nik Sakanari maitasun handia diot gurasoekin joaten nintzelako, Nafarroa Oinezen egon naiz, zenbait ekimenetan eta ibarra asko maite dut. Berezia da.

3. Dagoeneko martxan dago?
Abenduaren 5etik martxan dago. Dagoeneko hasi gara. Ez dugu mustutze ekitaldirik egin lehenbailehen sakandarren esku utzi eta jokatzeko aukera izatea nahi genuelako. Gustatuko litzaiguke aurkezteko jardueraren bat egitea. Ez dakigu noiz izango den, agian Eguberrietako oporretan. Sare sozialetan iragarriko dugu. Oporretan, abenduaren 26tik 29ra ikastaro trinko bat eskainiko dugu. Eskaeraren arabera gehiago egingo ditugu.

4. Kirola ezagutzeko?
Padelean jokatzera Iruñera edo Beasainera joan dena badago, baina kirol honetan hasten zarenean garrantzitsua da alde teknikoa ikastea. Horregatik sortu dugu ikastaro hau. Lehenengo urratsa da; gure ideia da urtean zehar ikastaroak ematea.

5. Nola erabil daitezke?
Oso erraza da. Lau pauso dira. Hasteko, webgune bat dugu: domosport.com/sakanapadel/. Bertan erabiltzaileak alta eman behar du, izena eta pasahitz bat jarri, hori lehenengo urratsa da. Epostaz baieztapen mezu bat jasoko du eta hori baieztatu behar da. Hori egin eta gero webgunean berriz logeatu behar da, eta laugarren urratsa, pista erreserbatzea da. Modu erraz batean esperientziaz gozatzea nahi genuen.

6. Langilerik ba al dago?
Guk nahi dugu esperientzia onena ematea eta pista ezin hobeak izatea lehenetsi dugu. Jarri ditugun bi pistak kalitate hoberenetarikoak dira, inbertsio indartsua egin dugu. Pentsatu genuen ideia hoberena zela domotizatzea eta bezeroari 24 orduko zerbitzua ematea eta nahi duenean joatea eta erabiltzea.

7. Nolakoa da tokia?
Bi pista daude eta gero komunak daude. Aldagelarik ez dago oraindik. Orain egongela bat jartzeko ideia lantzen ari gara; lekutxo bat sofa eta mahai altu batzuekin jarri nahi dugu, kafe makina eta vending makina batekin. Egongela giroa duen txoko bat jarri nahi dugu.

8. Beste proiekturen edo inbertsioren bat martxan duzue?
Hirugarren pista bat irekitzea dugu buruan. Eskaerak nola erantzuten duen ikusi behar dugu. Beste ekintza bat ere sartzea pentsatu dugu. Momentuz egin dezakedan aurrerapen bakarra da bailaran berria dela. Eskaeraren arabera, beraz, hirugarren pista bat eta beste proiektu bat dugu buruan.

9. Indartsu eta gogotsu zatozte.
Bai, nik uste lekuetara gogoekin joan behar garela, apustua egin behar dugula eta ilusioarekin egin behar ditugula proiektuak. Pozik gaude bailarara iristeagatik, eta gogo handiekin.

10. Pistetan jokatzeko denborarik ba al duzue?
Bada, zintzotasunez, partida bat jokatu dugu eta hobetzeko margen handia badugu. Eta horretarako etorri gara.

11. Nola kontaktatu daiteke zuekin?
Instagramen @sakanapadel izenarekin aurkituko gaituzte. Bertan informazio eguneratua jartzen dugu.