Udalak lehentasunez birgaitu beharreko eremua arautu du

Guaixe 2023ko urt. 12a, 11:20
Arbizuko herriko etxea. ARTXIBOA

Nagusia eta Fernando Urkia kaleak hartzen ditu.

Arbizuko Udalak lehentasunez birgaitu beharreko eremuan sartuta dauden sustapen pribatuko etxebizitzak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza indarrean da. Araudi horren bidez Arbizuko Udalak bere zerga-jardunaren esparruaren barruan zenbait hobari arautu ditu. 50 urte baino gehiago dituzten eta Nagusia edo Fernando Urkia kaleetan dauden eraikinak birgaitu edo zaharberritzerakoan instalazioen eta obren gaineko zergan eta bide publikoa okupatzeko tasetan hobariak izanen dituzte. 


Urdinez 50 urte baino gehiago dituzten etxebizitzak.

Udalak ordenantza horren bidez herriko etxebizitza partikularren parkea gizarte arrazoiengatik eta interes orokorragatik sustatu eta dinamizatu nahi du. Horretarako, etxebizitzen birgaitzeko jarduketak lagundu eta indartu nahi ditu, eraikin horietan obren sustapen pribatua sustatuz, baldin eta ohiko etxebizitzarako egokitzeko eta erabiltzeko jarduketa integralak badira. Beraz, diruz laguntzen ahalko dira inguratzaileak hobetzeko lanak, kanpoko arotzeriakoak, barrualdea egokitzeko lanak, egitura sendotzeko lanak eta, oro har, lehendik dauden eraikinak erabiltzeko aukera ematen duten lan guztiak, horretarako ezarritako lege-eskakizun guztiak betez. Hala jaso da Nafarroako Aldizkaria Ofizialaren abenduaren 22ko zenbakian.