Hemeretzi kamera Toureren istorioa kontatzen zuen lehenengo nobela idatzi zuenean Jon Arretxek ez zuen pentsatzen pertsonaia horrekin bederatzi liburu idatziko zituenik. "Esperimentua" izan zen lehenengoa, "baina oso ondo funtzionatu zuen eta jendeak estimua hartu zion". Bera estimu horretaz konturatzen da eta horregatik jarraitzen du Toure "sufriarazten". Toureren bederatzigarrena Lyrica garaia deitzen da, eta Bilboko San Francisco auzoan kokatzen da. Liburuaren azalean bi elementu daude areazko erloju bat, denboraren igarotzea adierazten duena, "Toure denboraren kontrako jolas batean sartu delako", eta musker gorri bat, "Toureren jarratzaileek badakite zer den musker gorri bat; Sa Kené".
Nondik dator izenburua?
Hitz joko bat da. Lirika musika edo poemak dira, baina kasu honetan "y"-z eta "c"-z idatzita dago. Bertolt Brechtek esan zuen "ez direla garai onak lirikarako". Lirika garaia izan daiteke opera bat edo kontzertu bat entzutera joatea. Baina liburu honetako pertsonaiak ez dira hain ondo bizi. Haientzako garai hau errealitate gordin horretatik ihes egiteko da, eta hori drogatuz lortzen dute. Lyrica hori da, droga bat. Berez mina kentzeko edo arintzeko botika bat da, pena ahaztarazteko; baina gaur egun droga moduan erabiltzen da. Yonkiei oso erraz errezetatzen zaie, eta haiek horrekin trafikatzen dute. Modako droga dela esan daiteke. Dokumentatzeko nobela kokatzen den tokira joaten naiz beti, eta kasu honetan Toure San Francisco auzora, Afrika txikia den horretara, itzuli da eta hor ibili naiz: jendearekin hitz egin dut, hezitzaileekin, elkarteekin... Kaleko hezitzaile bati galdetu nion ea gazteek gasolina eta disolbatzailea esnifatzen jarraitzen zuten eta esan zidan orain hasi direla lyrica hartzen.
Zergatik San Franciscora itzuli?
Aurreneko nobeletan Toure urrun ibili da, agian denbora luzeegian. San Franciscon ibiltzen zen hasieran, gero Afrikara bota zuten, Nafarroako edozein herri izan zitekeenera ihes egin zuen, gero Parisera eta Paristik Madrilera. Igual bada ordua etxera, kakotxen artean, itzultzeko. Gogoa neukan bere betiko lagunak, laukote hori osatzen dutenak, berriz elkartzeko: Cristina Sa Kené, Osmán pisukide beteranoa laguntzen diona eta Xihab bere tabernari berezia. Beste alde batetik, urteotan auzoan gauza asko pasa dira eta horren berri eman nahi nuen. Nahiko erraz neukan kritika sozial pixka bat egiteko: gauzak zelan aldatzen ari diren gure gizartean. Aproposena San Franciscora itzultzea zen.
Nola opatu duzu?
Toureren barruan sartu eta bere begietatik ikusten dute, lehenengo pertsonan kontatzen dut nobelan. Nik ikusten dut baina Toureren ikuspuntutik begiratzen dut. Toure etorkin ilegala da, ahal den moduan bizi dena, aberatsa izan dena Parisen eta Madrilen, baina dena galduta hona itzuli behar izan duena. Nahiko aldatuta topatu ditu gauza batzuk. Polizia gehiago eta kamera gehiago dago. Lehenengo nobelan hemeretzi kamera zeuden, duela hamar urte hemeretzi kamera zeudelako. Azken urteotan auzo elkarte bat salatzen ari da delinkuentzia eta segurtasun eza igo dela eta oso gogor exijitu du polizia eta kamera gehiago. Kaletik zoaz eta lehen Ipar Afrikako jatorrizko jende taldeak zeuden tokietan orain polizia dago. Hortik uxatzen dituzte. Nahiko modu oldarkorrean sartzen dira. Ni egon naizenean, egunero egon dira istiluak.
Beraz, nobelakoa egiazkoa da?
"Sakonean dagoen arazoa pobrezia da; ez da kamera gehiagorekin konpontzen"
Fikzioa da, baina agertzen diren eszenak benetakoak dira. Nik ikusitakoak edo lagunen batek ikusitakoak eta kontatutakoak dira. Gainera, gauza pixka bat zentzugabea da: badaude gune beltz konfliktiboak, ez gehiegi, baina badaude eta horiek desegiten saiatzen dira. Polizia iristen da, jende hori sakabanatzen da, eta poliziak alde egiten duenean berriro elkartzen dira hor. Pixka bat erridikulua da. Bitartean, tentsio giroa eta bronkak egoten dira. Ipar afrikarrak Plaza Nagusira tokialdatu dituzte, eta toki hori ijitoen eremua zen eta horrela ikusten dute haiek. Ijitoak haserretzen dira eta istiluak sortzen dira. Ez dute ezer konpontzen. Hemen sakon-sakonean dagoen arazoa pobrezia da; bazterkeria. Hori ez da konpontzen ez kamera hobeagoak eta sofistikatuagoak ipiniz ez polizia eramanez ordu jakin batzuetan. Gero dena bertako normaltasunera itzultzen delako.
Prostituzioa ere agertzen da nobelan.
Beste gai nagusietako bat da. Pertsonaia batzuk benetakoak dira. Nahiko sinesgaitzak dira. Badago prostituta ohi bat orain prostitutei laguntzen diena Askabide elkartearen bidez, kaleko prostitutei laguntzen dien elkarte bat. Ni ateratzen ziren gau horietan haiekin ibili naiz, eta oso pertsonaia bitxiak ezagutu ditut. Nobelan sartzeko erabili ditut. Bide batez dagoen lege proiektuaren gaia atera dut. Gaia oso korapilatsua da.
Toure aldatu da?
Bai, nahiko aldatu da. Hasierako nobeletatik pixkanaka joan da aldatzen. Hasieran Toure gizajo bat zen, maneiatzen zuten nahi zuten bezala, bizirauteko ahal zuena egiten zuen eta ez zeukan batere maliziarik. Baina bizitzak gaizki tratatu du, gauza oso gordinak gertatu zaizkio eta espabilatzen joan da. Gaur tipo gogorra da; errukirik sentitu gabe egiten ditu gauzak, arriskutsua ere izan daiteke. Hala eta guztiz ere irakurleek oraindik maite dute.
Bederatzigarrena. Eroso zaude?
Bai, oso eroso, eta ez nuen imajinatzen nik beti aldatu egin dudalako. Bidaia literaturarekin hasi nintzen eta aspertu nintzen, ganberradak idazten eta aspertu, beldurrezkoa, haur literatura, atzerrian kokatutako nobela beltzean sartu nintzen... Pertsonaia bat sortu nuen eta nik uste nuen aspertuko nintzela hiru edo lau nobela pasatuta. Baina feedbacka sentitzen dut eta konturatzen naiz asko estimatzen dutela. Jendeak herrietan dauden afrikarrekin identifikatzen du.