Udalak ihote larunbaterako proposamena egin du

Guaixe 2023ko urt. 23a, 09:00
Hiri ihoteko mozorrotu arbizuarrak. ARTXIBOA

Eguerdi-arratsalderako herri bazkaria, dantzaldia eta taberna jarriko lirateke bi baldintza betetzen badira.

Hiri ihotea otsailaren 18an, larunbatarekin, eta herri ihotea otsailaren 21ean, asteartearekin, ospatuko da Arbizun. Ikusita plazako estalpeko lanak oraindik ez daudela despedituta eta herrian taberna kopuru eskasa dagoela, Arbizuko Udala larunbat eguerdi-arratsalderako festa gune bat antolatzeko prest dago. Udalaren ideia da kiroldegiko frontoian herri bazkaria antolatzea, ondoren dantzaldia egonen litzateke eta, gainera, frontoiko kantxan bertan taberna jartzea aurreikusi du udalak. Gaztigatu duenez, "bazkaria catering bati emanen genioke, denok ere festaz gozatu ahal izateko. Hotzik ez pasatzeko pare bat kañoi ere jarriko genituzke frontoian".   

Udalaren proposamenak eginen du bi baldintza betez gero. Bata, kantxako taberna hartzeko prest dagoen talde edo elkarte bat egotea. Horretan interesa dutenek udaletxean eskaera egin behar dute. Horretarako epea otsailaren 5ean despeditzen da. Beste baldintza da herri bazkarirako txartel "kopuru nahikoa" hartzea arbizuarrek. Udalak jakinarazi duenez, haurrendako eta helduendako menua egonen litzateke. Udalaren asmoa da txartelak otsailaren hasieran eskuragarri jartzea, otsailaren 12ra arte. "Beraz, ezinbestekoa izanen da otsailaren 12a baino lehen bazkaltzeko txartelak erosita egotea, apuntatutako jende kopurua jakiteko eta minimoak betetzen direla ziurtatzeko".