Emakumezko baten kontrako erasoa salatu dute Arbizun

Guaixe 2023ko mar. 1a, 15:58

Arbizun sexu erasoa salatzeko kontzentrazioa. ARTXIBOA

Arbizuko inauterietako jai giroan izan zen erasoa. Bilgune Feministak halako erasoak ezin direla "ez onartu ez estali"nabarmendu du. Udalak bere "laguntza eta babes osoa" adierazi dizkie erasoa jasan duen emakumezkoari eta bere ingurukoei.

Arbizuko Bilgune Feministak (BF) azaldu duenez, "ihoteetan, jai giroan, mutil gazte batek neska gazte bat erasotu zuen sexualki. Gelditzeko eskatu zion neskak, ez zuela nahi, deseroso zegoela esan zion; baina mutila ez zen gelditu, berriz saiatu zen". BFko kideen iritziz, gertatutakoa "neska baten borondatearen kontrako ekintza bat da, eraso bat da, intimidazioz eta intentzionalitatez egindako eraso bat". Gaineratu dutenez, "aitzakiekin goxatu ezin daitekeen ekintza gaitzesgarria da. Eraso sexista eta sexuala da". 

BFko kideek azaldu duenez, "honen aurrean erasotutako neska gaztea entzun, bere azalean jarri, babestu eta laguntzea dagokigu denoi". Haiek horretan saiatu direla azaldu dute, eta gaineratu: "jakin beza bidelagun gaituela. Beraren kontrako erasoa emakumezko guztion aurkako erasoa izan dela. Jakin beza ere herritar gehienon babesa duela". 

Feministek gaineratu dutenez, "erasoa isilpetik, iluntasunetik, argitasunera ateratzea dagokigu. Errealitate mingarri hau azalarazteko: berriz gertatu ez dadin oinarriak jartzeko; ikastea nahi duenak ikasteko; indarkeriazko portaera mingarriak zuzendu eta desikasteko; berrikasteko". BFko kideek adierazi dutenez, "portaera sexista erasotzaile bat gertatzen denean, erasotzaileak aukera bakarra du bere portaera eta jarrera berbideratzeko: egin duena aitzakiarik gabe onartu, eta koherentziaz jokatu". Feminista arbizuarrek gaineratu dutenez, "eraso sexista-sexual bat egin dela onartzean, portaera txar hori gainditzeko borondatea agertzen da, eta laguntza profesionalarekin berrikasi daiteke, berriz halakorik egin ez dezan". Hala ere, nabarmendu dutenez, "egin duenak ez du atzera bueltarik, onarpena eta egindakoen ardura hartzea da lehen pausoa". 

Halako erasoak "ardura kolektiboa" ere badirela azpimarratu dute BFko kideek: "emakumezkoon sexu askatasuna zalantzan jarri, egin nahi ez duguna egitera behartu, edo bizi nahi ez ditugun egoerak bizitzera derrigortzen gaituzten gizonen jarrera erasotzailerik ez dugu onartzen, eta publiko egitea da gure zereginetako bat". Gaineratu dutenez, halako erasoak salatzen jarraituko dute, "dena aldatzeko, jendarte parekide bat eraikitzeko". 

Udalaren adierazpena
Emakumezko baten kontra inauterietan egindako erasoak "jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko botere harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago uzten du" Arbizuko Udalarendako. Aitortu du horretan erakunde publikoek "ardura berezia" dutela. Udalak nabarmendu duenez, "emakumezkoen kontrako eraso horiek ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Indarkeria matxista emakumezkoek eta gizonezkoek bizi dute desberdintasun egoeraren adierazpen bortitzena da". Arbizuko Udalak ziurtatu duenez, "indarkeria hori egiturazkoa da, indarkeria horren muinean berau sustatu, babestu eta ahalbidetzen duen sistema osoa baitago". Udalaren iritziz indarkeria matxista "emakumezkoen eta gizonezkoen arteko botere harremana bere horretan mantentzeko ezinbesteko tresna da". 

Arbizuko Udalaren iritziz, indarkeria matxista "arazo kolektiboa da, guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea". Indarkeria horrek "egiturazko jatorria du eta aurre egiteko neurriak eta erantzunak ere integralak izan behar" dutela nabarmendu du. 

Horren guztiaren aurrean, Arbizuko Udalak "pertsonen arteko harreman parekideak sortzearen" alde egin du, "erronka gaur egungo antolaketa eta ordena soziala eraldatzea" dela azpimarratu du. Aldi berean, indarkeriaren prebentzioaren alde egin du, "pertsonak askatasunean herriko dituen hezkuntza sustatu eta, besteak beste, gaur egun indarrean dagoen maskulinitate eredua eraldatuz, gizon izateko modu alternatiboak garatuz". Horregatik, Arbizuko Udalak gizonezkoei dei egin die: "alde batera utzi emakumezkoen kontrako indarkeriazko portaerak, beraien justifikazioa eta jarrera konplize oro". Azkenik, udalak adierazi du "erakundeetatik ere emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunean oinarritutako harremanen alde lanean jarraitzeko konpromisoa" duela. 

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.