Arbizuko Duatloi berezia izanen da aurtengoa probak 25 urte betetzen dituelako. Martxoaren 25ean, larunbata, izanen da, eta goizean, 11:00etan, haurrendako herri duatloia ez lehiakorra izanen da. Edozein bizikleta mota erabili ahal izanen dute eta bi tanda egonen dira, lehenengoa 2014 eta 2016 urte bitartean jaiotakoak nahi izatekotan gurasoekin batera joan ahal izanen dutela, eta bigarrena 2011 eta 2013 urtetan jaiotakoak.
Urteurrenaren harira, proba nagusia hasi aurretik, 15:00etan, Duatloiaren sortzaileei omenaldia eginen zaie eta, ondoren, Arbizuko Duatloiaren 25. edizioa jokatuko da. Betiko ibilbidea jarraituko dute eta erreleboka ere egin ahal izanen dute atletek: zortzi kilometro korrikan, 32 txirrindulan eta beste lau kilometro korrikan. Herri ibilbidea, aldiz, lau kilometro, hamasei kilometro eta bi kilometrokoa izanen da.
Arbizuko Udalak antolakuntza auzolanean izanen dela jakinarazi du eta lagundu nahi duenak izena eman dezake Arbizuko Udaleko webgunean. Duatloian parte hartzeko izena ematea martxoaren 20an amaitzen da, rockthesport.com webgunean.