Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboa egitasmoarekin bat egin du Arbizuko Udalak. Haren helburuetako bat XX. mendeko Nafarroako gizarte tradizionalaren memoria eta testigantzak lehenbailehen biltzea da, horietako asko oso adineko pertsonak baitira. Labrit Ondarea enpresako Abel Castillok azaldu duenez, “ondare hau oso aberasgarria da, herrietako kultur genomaren antzekoa, horregatik, funtsezkoa da babestea eta hurrengo belaunaldiei transmititzea”.
Jesus Mari Maiza Lacunza, Mari Paz Barandiaran Razkin, Patxi Leiza Berastegi, Mari Carmen Arbizu, Blanca Nieves Aldasoro Flores, Maria Pilar Arbizu, Pello Lopez De Sabando eta Ana Mari Uncilla Araña elkarrizketatu zituzten. Guztiak XX. mendearen lehen erdian jaiotakoak dira eta, beraz, makina bat aldaketa bizi izan dituen belaunaldi batekoak dira. Elkarrizketetan beraien bizipenak gogoratu eta haiei lotutako hainbat kontu azaldu dituzte, esaterako: eskaini dituzte, ohiturak, herriko hiztegia, jaiak eta txikitako nahiz gaztetako oroitzapenak.
Haien esanen bidez joan den mendeko Arbizu nolakoa zen jakiteko aukera izanen da eta betiko gordea geldituko da. Esaterako, “lizarren hostoak sikatu eta ahuntzak elikatzeko erabiltzen genituen”, gogoratu du Jesus Mari Maizak. Ana Mari Uncillak, berriz, apaizak parrokiako zinea jarri zuela martxan gogoratu du eta, hark pelikulak mozten zituen arren, Etxarriko pelikulek zentsura gutxiago pairatzen zutela. “Bonbolontena, nere laztana, ez egin lorik basuan. Aitzarizkoak eamango zaitu erbia zeralakuan. Loo. Loo. Loo” garaiko sehaska kanta kantatu du Blanca Nieves Aldasorok.
Aurkezpena
Udazkenean egindako zortzi elkarrizketen laginak ikusi eta entzuteko aukera izanen da Arbizuko udaletxean larunbatean, 12:00etan. Ekitaldian izanen dira Francisco Javier Razkin Flores alkatea, Alfredo Asiain Ansorena Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendaria eta Labrit Ondarea enpresako Castillo.