Astekaria

Konturatu gabe, 25 edizio bete ditu

Maider Betelu Ganboa 2023ko mar. 28a, 14:00

1995 urteko Arbizuko Duatloia. GUAIXE, ARTXIBOA

Sebastian Insaustiri eta Fernando Floresi bururatu zitzaien Arbizuko Duatloia antolatzea, Gipuzkoan jokatzen ziren probetan parte hartu eta gero. Gertukoen laguntzarekin eraman zuten aurrera Nafarroako duatloi proba beteranoena dena

Arbizuko Duatloiaren 25. edizioa jokatu zen marsuaren 25ean. Data borobila, ospatzea merezi zuena. Azken urteetan Arbizuko Udalak antolatzen du proba, baina arbizuar batzuen ideia izan zen, eta haiek eta haien gertukoek eraman zuten aurrera hasierako urteetan, hamabi edizio ingurutan. 

Nafarroako lehena
"Fernando Floresek eta biok Gipuzkoako zenbait duatloi probatan parte hartu genuen. Oso politak iruditu zitzaizkigun, eta Arbizun halako proba bat antolatzea bururatu zitzaigun. Nafarroan egin zen lehendabiziko duatloia izan zen gurea" gogoratu du Sebastian Insausti arbizuarrak. 

Garai hartan Nafarroan triatloia eta duatloia ez ziren batere ezagunak. "Epaileak Euskadiko Federaziotik etorri behar izan ziren, hemen ez zegoelako ez federaziorik ezta ezer. Garai hartan Circuito Vasco de Duatlón zegoen, eta Gipuzkoan eta Bizkaian jokatzen ziren probek zirkuiturako puntuatzen zuten. Autonomien lege kontuarengatik gure probak ezin zuen zirkuituan puntuatu, Nafarroan jokatzen zelako. Baina, hala ere, mundu guztiak parte hartu zuen Arbizuko Duatloian. Hasieratik arrakasta handia izan zuen. Jende asko etortzen zen" gaineratu du Insaustik. 

Sebastian Insausti: "Jendea zirkuituarekin maiteminduta geratu zen"

Ibilbidearekin maiteminduta
Arrakastaren arrazoiak ugari dira. "Batetik, garai haietan ez zeuden duatloi proba asko, eta antolatzen ziren guztiak oso parte hartzaileak ziren. Baina, batez ere, jendea Arbizuko ibilbidearekin eta zirkuituarekin maiteminduta geratu zelako. Argi eta garbi. Hori esaten ziguten" nabarmendu du. Hasierako ibilbidea egungoaren oso antzekoa zen, "ia berdina, bizikletaren zatia bereziki. Lehen oinezko ibilbideak Kale Nagusitik gora egiten zuen, kanping aldera, han buelta hartu eta herrian sartzen zen. Trantsizio gunea, bizikletak hartu eta uztekoa, plazan zegoen. Eta bizikletako tartea 32 kilometrokoa zen, orain bezalakoa: Arbizutik Lizarragako katea igo, Etxarri Aranaztik jaitsi eta Arbizura etorri. Eta ibilbide horri bi buelta. Gogorra zen, eta jendeari izugarri gustatu zitzaion. Lehen edizioan ehun pertsonatik gora etorri ziren, eta hurrengo edizioetan gehiago. Beti ehundik gora parte hartzaile egoten ziren Arbizun". 

Orain baino errazago
Hasiera haietan Arbizuko Duatloia antolatzeko ez ziren eskatzen azken urteetan eskatzen diren baimen, paper eta bitarteko kopuru handia. "Askoz ere errazagoa zen antolaketa. Ez ziren gaur egun eskatzen diren bezainbesteko burokrazia tramite egin behar. Gurutzeetan ere ez zen horrenbeste jenderik behar. Anbulantzia bat beharrezkoa zen, foralei abisatzea, ibilbidea markatzea eta gurutzeetan jendea egotea. Epaileak kanpotik zetozen. Herriko jendeak hasieratik lagundu zigun, kuadrillakoak, bikoteak eta familiak, kirolaren munduan ibiltzen zirenak... Hasierak nahiko errazak izan ziren". Ez zuten klub edo talderik sortu behar izan proba antolatu ahal izateko. "Orduan ez zen hori eskatzen. Lagun artean antolatzen genuen".

Sebastian Insausti: "Hasieratik auzatea antolatu genuen. Giro oso ona sortzen zen"

Auzatea, berrikuntza
Herritarrek ere ongi ikusi zuten lasterketa. "Berezia iruditu zitzaien eta lagundu zuten". Bazen elementu bat Arbizukoa gainontzeko duatloi lasterketatik bereizten zuena: proba ondoren eskaintzen zuten auzatea. "Garai hartan lasterketa bukatuta kamiseta bat ematen zizuten opari, freskagarriren bat eta listo. Baina guk hasieratik auzatea antolatu genuen, Alda Bide elkartean. Embutidos Arbizuko Patxi Goikoetxeak ematen zigun txistorra, arbizuar gaztagile batek gazta, eta gero sagardoa eta freskagarriak eskaintzen genituen, azken hauek Alda Bidek jartzen zituenak. Mundu guztia biltzen zen bukaeran elkartean, eta jendea pozik eta gustura egoten zen auzatean. Giro oso ona sortzen zen". 

Materiala
Arbizuko Duatloiko hasierako edizioetako argazkiak begiratzen hasita (Arbizuko Udalak argazki erakusketa jarri du batzar gelan) urte hauetan bizikletak zenbat hobetu diren eta kirol materiala zenbat aldatu den agerikoa da. "Materialaren aldaketa handia da, baina gauza bat esango dizut, egiten ziren eta diren denborak ia berdinak dira. Materialak zerikusia du, baina zenbateko aldea dago irabazleen artean orduko denborekin alderatuta: segundo batzuk? Minutu bat gehienez? Parte hartzaileendako minutu bat mundu bat da, baina ordu eta erdian horrenbeste al da?" dio Insaustik. Izan ere, hasiera haietan etortzen ziren kirolariak "oso onak" ziren. " Lehendabiziko urtean Virginia Berasategik parte hartu zuen, bere mailan munduko triatleta hoberenetakoa zenak. Berak irabazi zuen Arbizuko lehen edizioa. Jende oso ona etortzen zen. Izan ere, duatloian, orohar, maila ikaragarria zegoen. Garai haietan korrikako lasterketa batean 1.000 korrikalarien artean lehen 50 postuetan sailkatzen nintzen, nahiko aurrean, baina duatloi proba batean erditik atzera sailkatzen nintzen. Horrek erakusten du duatloian sekulako maila zegoela" oroitzen du Insaustik. Duatloirako bi kiroletan entrenatu behar da. "Hiru egunetan korrikako entrenamendua, eta bi egunetan bizikletakoa. Hori bost entrenamendu egun dira. Duatloiko maila itxurazkoa zen". 

Sebastian Insausti: "Duatloia kirol oso gogorra da. Maila pixka bat izateko, asko entrenatu beharra dago"

Kirol gogorra
Sebastian Insaustik hiru aldiz parte hartu zuen Arbizuko Duatloian. Fernando Flores ere ibili zen, Juan Migel Arzelusek behin osatu zuen, eta ondoren belaunaldi berriak batu ziren, Mikel Lakuntza, esaterako. Gero beste hainbat sakandar batu ziren. "Gogoan dut parte hartu nuen azken duatloian 39 urte nituela, eta entrenamendu batean Kateko buelta ordu erdian egin nuela. Gaur egun, hoberenak 25 minuturen bueltan ibiltzen dira. Hori zen nire maila. Beteranoen artean aurrean ibiltzen nintzen. Baina duatloi proba asko ez nituen egin. Duatloia utzi nuen, Arbizuko Kiroldegiko lanarekin (harreran lan egiten du) uztartzea gero eta zailagoa izateaz gain, bizikleta lapurtu zidatelako. Sekulako bizikleta erosi nuen, eta etxetik lapurtu zidaten. Aldamenak lapurra ikusi zuen. Bizikletan igo, herrian gora joan zen, auto batean bizikleta kargatu eta ospa egin zuten. Zorionez, aseguruak erantzun zuen. Baina duatloira itzuliz, kirol oso gogorra da. Maila pixka bat izateko, asko entrenatu beharra dago". 

Insaustiri eta Floresi Arbizuko Duatloiko antolaketa lanetan laguntzen kuadrillakoak, bikoteak eta kirolariak ibiltzen ziren. "Auzatea prestatzen bikotekidea eta gure kuadrilla guztia. Alejo Berastegi ere hasierako probetan duatleten zerrendekin eta denborarekin ibili zen bueltaka, Garbiñe Petriati speaker lanetan ibili zen urte luzez, Patxi Satrustegi koinatua ere, Arzelus ere antolakuntzan zebilen... eta beste jende asko. Eta gero jende berria sartzen hasi zen, belaunaldi berriak, Mikel Lakuntza duatleta eta bere kuadrilla, esaterako". 

Aldaketak
Kuadrilla hark Arbizuko Duatloiaren dozena bat edizio antolatu zituen, baina denborarekin Arbizuko Udalak hartu zuen ardura, lasterketa handitzen hasi zelako. Goizeko haurren proba gehitu zen, eta denborarekin geroz eta burokrazia lan gehiago eskatzen zuen guztiak. Sebasen kuadrillak auzatea antolatzen jarraitu zuen hainbat urtez, beste batzuk antolatuko zutela esan zietenera arte. Gaur egun, Arbizuko Duatloian egiten diren lan gehienak (kruzeetan egon, antolakuntza, azpiegiturak prestatu, dortsalak banatu...) herriaren alde egiten diren udalerako auzolanak dira. "Uste dut orain ia herri erdia inplikatzen dela antolakuntzan, baina herriarendako auzolanak dira. Beste azpiegitura bat eskatzen du, eta gauzak oso ongi lotu behar dira". 

Materiala asko aldatu da, baina Arbizun irabazteko gogotik sufritu behar da. Hori ez da aldatu.

Proba exigentea
Insausti urtero ateratzen da Arbizuko Duatloia ikustera. Aurten ere hala egin zuen. Beharko, gainera, hasierako sortzaileek omenaldia jasoko baitzuten. Berriki bizikleta erorikoa izan zuen, aldaka apurtu zitzaion eta bajan dago. Gutxika, osatzen ari da. "Bizikleta estatikoan aritu beharra dut, eta gutxika bagoaz". Kirola jarraitzen du, baina ez dago Euskal Herriko triatloian eta duatloian egunean, lehen zegoen bezala. "Estatu mailako onenak nortzuk diren badakit, telebistan ateratzen direlako, baina hemengo onenak nortzuk diren ez nuke jakingo esaten. Sakandarrak bai, badakit orain Mikel Astiz maila oso onean dagoela, baina gutxi gehiago".

Urte hauetan materiala zenbat aldatu den aipatu dugu, baina teknologiek duten papera ere bestelakoa da. Iraultza. Besteak beste, gaur egun kirolari askok egiten dituzten entrenamenduak eta markak igotzen dituzte Sare Sozialetara. "Horrek aurrera jarraitzera animatzen baditu eta segitzeko gogotsu badaude, ez dago gaizki". 25 edizio beranduago, Arbizuko Duatloian aurrean egon nahi izan zuenak gogotik sufritu behar izan zuen. Badaudelako aldatzen ez diren gauzak.