Duatloia

Oroimenerako tartea 25. Arbizuko Duatloian

Guaixe 2023ko mar. 24a, 12:20

Marsuaren 25ean15:30ean hasiko da Arbizuko Duatloia. 25. edizioa ospatzeko irteera baino lehen omenaldia jasoko dute probaren sortzaileek, eta Arbizuko Udalak argazki erakusketa prestatu du udaletxean

Marsuak 25, larunbata, 15:30ean abiatuko da XXV. Arbizuko Duatloia, Nafarroako Duatloi Estandar Txapelketa izango dena. Arbizuko Udalak sakandarrek proba jarraitzeko deialdi berezia egin du, probaren 25. urteurrena behar bezala ospatzeko. Jakina denez, Arbizukoa Nafarroako duatloi proba beteranoena da. Goizean, 10:30ean, haurren duatloia jokatuko da. 

Lasterketa hasi baino lehen, 15:00ak aldera, Arbizuko Duatloiaren sortzaileek omenaldia jasoko dute. Bestalde, Arbizuko udalak batzar gelan argazki erakusketa prestatu du, aurreko 24 edizioetan hartutako 80 irudi ingururekin. Ildo honetan, udalak Guaixek bere argazki artxiboa utzi izana eskertu du, eta bere argazkiak utzi dituzten herritarrek ere esker ona jaso dute.

Bi distantzia
Proban ehun partaide inguru espero dira. Emakumeak 15:30ean abiatuko dira, gizonak 15:35ean, eta jubenilak, paratriatletak, erreleboetan ariko direnak eta distantzia herrikoia egingo dutenak 15:45ean. Proba egiteko bi distantzia daude: Arbizuko Duatloia, hau da, betiko ibilbidea (8 km korrika-32 km bizikletan-4 km korrika), hala hautatzen duten duatletek eta erreleboetan ariko direnek osatuko dutena; eta proba herrikoia, aurrekoaren distantzia erdikoa (4 km-16 km-2 km), hala hautatzen duten duatletek, jubenil mailakoek eta paratriatletek osatuko dutena. Guztira ehunen bat partaide daude izena emanda.

Lizarragako portua
Trantsizio gunea edo boxak Kale Nagusian egongo dira, eta irteera eta helmuga ere bertan izanen dira. Herri gunean lau kilometroko zirkuitu ederra prestatu du antolakuntzak, eta txirrindularitza proba ikusgarria da, Lizarragako portua igotzen delako. Zehazki, Arbizutik abiatuta Lizarragako portua igo, Etxarri Aranaztik jaitsi eta Arbizuraino iritsi, hori da bizikleta tarteko ibilbidea, proba luzekoek bitan egin beharko dutena. Horregatik, Arbizuko Duatloia proba exigentea da, eta haizeak jotzen badu, oso gogorra egiten da. Arbizuko beste ezaugarri bat da ezin dela raftinga egin, hau da, ezin dela aurreko bizikletari lotuta joan. Hala egiten duenak bi minutu egon beharko du geldirik, zigor eremuan.

Parte hartzaile guztiek 25. urteurreneko kamiseta berezia jasoko dute eta dortsala bueltatzerakoan txistorra jasoko dute opari. Sari ematea 18:30ean hasiko da, eta saridunek garaikurra eta herriko produktuen lotea jasoko dute. Beste behin, Arbizuko Duatloia ikusgarria izango da. 

Iaz Pello Osoro (1:37:13) eta Maialen Elia (2:07:09) izan ziren txapeldunak. Mikel Astiz ihabardarra hirugarren sailkatu zen (1:41:05), eta lehen nafarra zenez, Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi txapelduna izan zen. Altsasuko Duatloia irabazi berri, Arbizukoa du jomuga Astizek, eta nahiz eta nekatuta dagoela aitortu, dena emango du.