Udalak idazkari kontu hartzailea behar du

Guaixe 2023ko mar. 31a, 11:44

Arbizuko plazako iturria eta udaletxea.

Lanpostua aldi baterako betetzeko deialdia egin du.

Arbizuko Udalak idazkari kontu hartzaile lanpostua betetzeko oposizio lehiaketa deitu du. Hautaketa proba horren bidez langile bat aukeratu nahi du lanpostua aldi baterako bete dezan. Udalaren asmoa da ere lanpostu horretan jarduteko izangaien zerrenda egitea. Hautatua den pertsonak bi hilabeteko probaldia izanen du. Lan ordutegia zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da. Lanpostuak A mailari dagokion soldata du, eta plantilla organikoan zehaztutako osagarriak.

Deialdian parte hartzeko honako ikasketak izan behar dira: zuzenbideko gradua edo gradua Politika eta Administrazio Zientzietan edo Lizentzia Soziologian edo Lizentzia Zientzia Politikoetan eta Soziologian. Horretaz aparte, euskarazko C1 mailako titulua izan behar da. 

Deialdian parte hartzeko eskabidea Arbizuko Udaleko erregistroan aurkeztu behar da, besteak beste honako bideen bidez: administrazioa@arbizu.es helbide elektronikoa, edo udalaren egoitza elektronikoan http://arbizu.egoitzaelektronikoa.eus/ helbidea erabiliz. Interesdunek apirilaren 5eko 14:00ak arte aurkeztu ahal ditzakete eskabideak. Deialdiaren oinarriak Arbizuko udaletxeko iragarki taulan eta www.arbizu.eus webgunean daude.